Korda eta emakumeekiko zuen erlazioa, «Korda, Conocido Desconocido» erakusketan
GARA | DONOSTIA
Madrilgo Casa de Americak Alberto Diaz Gutierrez, «Korda» argazkilari kubatarraren lanaren inguruko erakusketa bat antolatu du: «Korda, Conocido Desconocido». Bertan berrehundik gora irudi aurki ditzakegu, gehienak argitara gabeak edo «negatibo osoa» kopiatutakoak. Argazkiek kubatar honek emakumeekiko zuen maitasuna islatzen dute.
Korda 1928an jaio zen Habanan eta Parisen hil zen 2001ean. Bere lagun eta ikasle izandako Jose Alberto Figueroak adierazi zuenez, «egun hartan Kubako aita eta senar jeloskor guztiek lasai lo egin ahal izan zuten». Figueroaren esanetan, «Kordak adin guztietako emakumeak erakartzen zituen, seduktorea baino gizon maitekorra zen». Kordak ere halaxe azaldu zuen hil aurretik eginiko adierazpen batzuetan: «Modako argazkilari ospetsu bilakatu eta Kubako emakumerik ederrenak ezagutzeko itxaropenez ikasi nuen argazki kamera erabiltzen. Baina Kubako Iraultzaren garaipenetik bi hilabete pasa ondoren, nire lana eta nire bizia Iraultzari eskaintzea erabaki nuen».
Urtarrilaren 25a arte irekita egongo den erakusketan Figueroak positibatutako argazkiak topatuko ditugu, zuri-beltzean denak. Bertan ikus daitezke Studios Korda-n erretratatutako emakumeak eta baita Iraultzaren hainbat agertokitan topatutakoak ere. Gainera, lider kubatarrei eginiko jarraipenetan osatutako lan dokumentala ere biltzen du, hala nola Fidel Castrok Kuba bertan eta Venezuelan, AEBetan eta Errusian eginiko bidaien deskribapenak. Baita Ernesto Che Guevarari eginiko argazkiak ere. Irudietan herritar kubatarrak ageri dira, Iraultzari euren babesa emateko antolatutako kontzentrazio handietan. Itsasoa eta haurtzaroa ere askotan agertzen dira. Fidel Castroren argazkiei dagokienez, besteak beste, arrantzan, eskiatzen, golfean, beisbolean eta xakean ikus dezakegu agintaria.
Erakusketaren komisarioa Cristina Vives historialari kubatarra izan da. Bere esanetan, «Iraultzaren hasieran, Kordak alde batera utzi zituen moda eta publizitatea, eta bere modelo gustukoena, Norka (Natalia Mendez), Fidel eta gainontzeko lider politikoengatik aldatu zuen, beti ere, modelo berri haiei kodigo fotografiko berak aplikatuz: argi naturala, konposizioa, glamourra...». Hala eta guztiz ere, Korda ez zen inoiz emakumeez ahaztu. «Ekitaldi ofizialetan, edertasun femeninoa bilatzen zuen jendetzaren artean». Figueroaren esanetan, «emakume ederrentzat mehatxua zen Korda».