GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sokatira

Abadiño, Berriozar eta Badaiotz izan dira asteburuko talderik onenak

J.L. | DONOSTIA

Auzolan, Berriozar eta Badaiotz izan dira asteburuko talderik onenak. Lehen biak mutiletan jaun eta jabe izan dira, eta bestea, berriz, emakumezkoetan garaile atera da. Mutiletan, 300 kilokoek izan dute lana, eta bi jardunaldi jokatu dituzte. Dagoeneko jakina da datorren asteburuan jokatuko den finalean zeintzuk izango diren. Auzolan, Amaiur A, Amaiur B, Berriozar A, Berriozar B eta Baiona izango dira.

Bi multzotan lehiatu dira bi jardunaldietan, eta bietan garaile bera izan dute. Larunbatean Auzolan izan zen nagusi, Berriozarren aurretik, eta Sokarri sailkatu zen atzetik. Gipuzkoarrek oso maila ona eman zuten, eta txapela lortzeko faborito nagusi bihurtu dira. Atzo ere Astigarragakoak gailendu ziren, eta Amaiur izan zen atzetik.

Bigarren multzoan, Berriozar B izan zen nagusi atzo, Amaiur B taldearen aurretik, baina herenegun lehia gogorragoa izan zuen; bi talde hauek elkarrekin berdinduta geratu ziren, eta biak izango dira finalean.

Emakumezkoek lehen jardunaldia jokatu zuten herenegun 250 kilotan. Badaiotz da txapela lortzeko faboritoa, eta arabarrek ez zuten hutsik egin, garaipena erdietsi baitzuten. Girizia sailkatu zen bigarren gasteiztarrekin bakarrik galduta.

Hortik aurrera lehia handia izan zen. Beti Gazte A eta Berriozar berdinduta geratu ziren, eta baita Sakana eta Beti Gazte B ere. Datorren asteburuan amaituko dute hauek ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo