GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

errugbia European Challenge

Avironek ez du aurrera egiteko inongo aukerarik

Ingelesak oso azkar aitzineratu ziren, eta zuri-urdinek berehala jaitsi zituzten eskuak. Etxegarai gazteak, berriz, lehen aldiz jokatu zuen lapurtarren taldean.

p036_f01.jpg

SARACENS 36

AVIRON 0

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek jadanik ez dauka inongo aukerarik Europan Challengen ezer egiteko, baina geratzen diren bi jardunaldietan garaipen bat lortzea izango da helburua, eta biak irabazteko ere aukerak dituzte. Stade Montois geratzen da etxean hartzeko, eta hori irabazi beharra dago, eta Italian jokatu beharrekoa ere bai. Ezustean Baionan haiek irabazi zuten, eta horrek sekulako mina egin zuen. Orain arantza hura ateratzea izango da helburuetako bat.

Atzoko partidak gauzak garbi utzi ditu. Ingelesak sailkapeneko buru ziren, eta horrelaxe amaituko dute lehen fasea, eta final-laurdenak, gainera etxean jokatu ahal izango dituzte. Atzokoan euskaldunen gainetik pasa ziren. Lehen minututik azkenekora bitarte jaun eta jabe izan ziren.

Oso azkar

Partida oso azkar okertu zitzaien zuri-urdinei, zazpigarren minuturako, etxekoek bi zigor-kolpe gauzatu baitzituzten. Hortik aurrera bide erraza izan zuten; lapurtarrek ezin izan zuten ezer egin eta berehala jaitsi zituzten eskuak, eta hori ederki aprobetxatu zuten.

Atzokoak, ordea, berri onak ere izan zituen, izan ere, Avironen Etxegarai gazteak lehen aldiz jokatu zuen. Lapurtarren harrobitik ateratako jokalaria da, eta etorkizun handia du. Errugbi profesionalean gero eta zailagoa egiten zaie gazteei lekua topatzea, baina zuri-urdinen artean ez da bakarra. Iñigok eta Iginizek ere minutu asko izan zituzten joana den urtean, eta aurten ere bide beretik doaz. Datorren asteburuan berriro ere Liga itzuliko da, eta hor jarriko du burua Avironek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo