GARA > Idatzia > > Kultura

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, berrogeita hamar urte kantari

2008ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaren atarian, txapelketaren 50. urtemuga oroituz, aurten lehian izango diren zortzi bertsolariak bildu ziren atzo Durangoko Plateruenan. Finala datorren larunbatean izango da Barakaldoko BECen, eta oraindik salgai dira sarrerak.
p042_f01_153x80.jpg

A. BILBAO | DURANGO

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaren atarian, lehiaren 50. urteurrena gogora ekarri zuten atzo Durangoko Plateruenan. Bizkaia asko aldatu da mende erdian eta, berarekin batera, zer esanik ez bertako bertsolaritza.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Bilboko jaietan, abuztuaren 24an, jokatu zen lehenengoz 1958an, orain berrogeita hamar urte. Antolakuntza lanak Euskaltzaindiak egin zituen eta txapela Balendin Enbeitak jantzi zuen. 1937ko gerra aurreko eta gerra osteko bertsogintzaren zubi bihurtu zen, gerra aurrean, 1929an Mungian eta 1930ean Getxon egin ziren sariketak ere muxikarrak irabazi baitzituen. Lehen txapelketako epaimahaikide izandako Aita Onaindiaren esanetan, «Han ziran Bizkai aldeko plaza-gizonik onenak, eta zazpi milatik gora batu giñean euroi entzutearren».

Euskaltzaindiak beste sei txapelketa antolatuko zituen 1966ra bitarte, urtero bat 1963an eta 65ean izan ezik. Gero, hogeita bat urteko etenaldi luzea, Bizkaiko Bertsozale elkarteak 1987an Araba-Bizkaikoa antolatu zuen arte. «Gaur egun bertsolaritzaren esparru geografikoaren barruan, Euskal Herria lau zatitan banatzen delako, Gipuzkoa, Iparraldea eta Nafarroarekin batera Araba-Bizkaia zen gure eskualdea. Beraz, Bizkaiko txapelketa hutsak ez zukeen zentzu handirik izango», azaldu zuen orduan antolakuntzak, bi lurraldeak elkartu izana arrazoitzeko.

Bizkaia-Arabako hurrengo txapelketa 1990ean izan zen, eskolarteko txapeldun eta 18 urtetik beherako Iturriaga eta Elortza partaide zirela. Ordutik bi urtean behin ospatu zen, harik eta 2000. urtean Araba berea jokatzen hasi zen arte. Urte horretan jokatu zen lehenengoz Bizkaiko txapelketaren finala Euskalduna jauregian ere. Ordurako egitura nabarmen aldatu zen, parte hartzaile kopuruak gora egin zuelako eta eskualdeko txapelketak berreskuratzen hasiak zirelako. Data esanguratsuekin jarraituz, 1994an, orduan 20 urte zituen Iratxe Ibarra markinarra izan zen finalera sailkatzen lehen emakumea, eta 2004an, historian lehenengoz, Bizkaiko eskualde guztietan jokatu ziren txapelketak: Arratia, Busturialdea, Ipar Uribe, Durangaldea, Lea-Artibai, Bilboaldea, eta Enkarterrian (aurrenekoz).

Berrogeita hamar urte, hamazazpi txapelketa eta zortzi txapeldun: Balendin Enbeita (bi bider), Juan Mugartegi, Jon Azpillaga, Jon Lopategi (lau bider), Jon Enbeita (bi bider), Unai Iturriaga (bi bider), Igor Elortza (lau bider) eta Xabier Paya, azken txapelduna.

Abenduaren 20an

Aurten estreinakoz, Bilboko Euskalduna jauregitik Barakaldoko erakustazokara lekualdatu da txapelketaren finala. Datorren larunbatean, Bizkaiko hiriburuan Santo Tomas jaia ospatuko den egun berean jokatuko da, ospakizuna egun bat aurreratu dute-eta.

Finalean, zortzi bertsolari elkartuko dira. Iazko txapeldun Xabi Payaz gain, dagoeneko txapela jantzia duten Unai Iturriaga eta Igor Elortza ere bertan izango dira. Emakumeei dagokienez, bi izango dira: Onintza Enbeita eta Iratxe Ibarra. Eta zortzikotea osatzen Fredi Paia, Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue. 2006 aurretik txapela jantzitako bi durangarrak ez ezik, beste sei bertsolariak ere azken txapelketan finalista izan ziren. Horietako bati jantziko dio txapela Jon Azpillaga berriatuarrak, 1961eko txapeldunak, 50. hamargarren urtemuga duela-eta, hastapeneko txapelketa omenduko duen saioan.

Finalean egin beharko duten lana, berriz, honakoa: lehen txanpan eta binaka, zortziko nagusian zein txikian eta hamarreko txikian hiruna bertso. Bakarkako lanean berriz, puntua emanda bertso bana zortziko txiki zein nagusian, eta gai bati buruzko bi bertso doinu eta neurri librean. Bigarren txanpan eta hasteko, binaka zortziko txikian hiruna bertso. Gero, hiruna bertso ofiziotan, «Aizak hi mutil mainontzi» neurrian. Bukatzeko, kartzelako lana, gaia emanda hiruna bertso doinu eta neurri librean. Gogoratu, lehen ataleko bi onenek lortuko dutela bigarren txanparako txartela eta saio guztian jasotako puntuak batuko direla txapelduna aukeratzeko.

Honen guztiaren berri www.botasarean.biz atarian aurkituko du bertsozaleak. Antton Alberdik diseinatutako Bizkaiko bertso txapelketaren Interneteko atariak euskal webgunerik ikusgarrienak saritzen dituen Buber saria jaso zuen iragan ostegunean, abenduaren 11n. Bertan izango dira salgai finalerako sarrerak ere, datorren osteguna -abenduak 18- bitarte eskuratu ezingo direnak (aretoko atontze lanak direla medio).

TXAPELA BURUAN

Aurtengo finalean zortzi bertsolari eta hiru txapeldun elkartuko dira eta 1961ean txapela irabazi zuen Jon Azpillaga bertsolari berrituarrak jantziko dio aurtengo irabazleari txapela.

Fitxa

Data: Abenduak 20, larunbata.

Tokia: BEC (Barakaldo).

Ordua: 17.30.

Sarrera: 16 euro.

(Bazkideek 12 euro eta 16 urtetik beherakoek 8 euro).

Oharra: Sarrerak salgai abenduaren 18ra arte bakarrik, BBK-ko kutxazainetan,

944 310 310 telefonoan edo www.botasarean.biz eta www.bertsozale.com atarietan.

Informazio gehiago: www.botasarean.biz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo