Sonia Gonzalez Idazlea
Zapatakadaka
Pena [Bushek] kolpea saihestu izana, kolpe horretan herri oso baten amorrua igartzen baitzen. Pena, kazetari gaixoak bai, hark hartu baititu hainbat kolpe bueltan, aurpegia, saihetsak eta besoak apurtzeraino, noren eta herri horretako bertako Poliziaren eskutik
Finantza eskandaluek batak bestearen atzean betetzen dituzte ahoak hortz, nahiz eta hauek estali ezin izan diren eskandalurik eskandaluzkoenak eta agerikoenak -edo txartoen ezkutatutakoak- baino ez izan. Bankuak hasi dira aitortzen eurak ere «engainatuak» izan direla eta, hortaz, «piramide» ezberdinetan hainbat milioi galdu dituztela, banku guztien funtzionamendua piramidala ez bailitzan. Honelako adierazpenak egiten dituztenean irizpide bi oso ondo gordetzen dituzte: 1) diru galera aitortu baino lehenago euren bankua benetan fidagarria dela adierazi, tontooi lapurtzen jarraitu ahal izateko; 2) pena aurpegia eta dolu doinua jarri, ea zorte apur batekin gobernuek herritarron diruan eskua sartu eta opari polita ematen dieten Gabonetarako.
Finantza sarraskiaren errudunak ordu honetan taberna super-cool batean egongo dira seguru asko, hilabete amaierara ezin ailegaturik dabiltzan horien odolaren koloredun Bloody Maryak edaten eta odola zuzenean xurgatzeko letagin zorrotz eta luzeak dituzten enpresariekin topa egiten. Gobernu «demokratikoen» omenez egiten dute txintxin, (ondo dakigunez, gaztelaniazko brindis onomatopeia hori euskaraz diruaren hotsa baino ez delako) sistema honek luze iraun dezan eta esklabo belaunaldi berririk ez dezaten sekula faltan izan.
Estrasburgon, bitartean, 65 orduz lan egin behar dugun erabakitzen dabil, potrojorran jaio, potrojorran bizi eta potrojorran hilko diren gorbatadun koadrila nazkagarri hori. Bai, badakit emakumeren bat badela tartean, baina kapitala betidanik izan da maskulinoa, oro har. Eta, bai, badakit baten batek bere alderdia «ezkertiarra» dela esaten duela, baina horiexek dira okerrenak, ezkerra guztiz zapaldu, desprestigiatu eta sozialismoaren izena tatarrez erabili dutelako diru zikinaren basatzetik. Txarrenak, herritarron zamak lurraren kontra estutzen dituzten «manolos» zapatei distira ateratzen dietenak direlako. Txarrenak «sistema demokratiko» honek funtzionatu ahal izateko ezinbesteko kolaboratzaile bihurtu direlako.
Bush gerra-kriminalari kazetari batek zapatak jaurti dizkio. Denbora laburrean mundu osoarentzat ia-ia heroi moderno bihurtu da. Inbidia eragin digu gizon honen ateraldiak, denok gura izango genuke hori egiteko aukera izatea. Eta biolentzia, zapatakadaka bada ere, irtenbidea ez dela esaten duten «progre» horiei zera esango nieke: ez al da ba biolentoagoa norberaren herria masakratu ostean, gainera, norberaren aurrean pozik eta elkar zoriontzen agertzea? Pena kolpea saihestu izana, kolpe horretan herri oso baten amorrua igartzen baitzen. Pena, kazetari gaixoak bai, hark hartu baititu hainbat kolpe bueltan, aurpegia, saihetsak eta besoak apurtzeraino, noren eskutik eta herri horretako bertako Poliziaren eskutik.
Eta horrela gabiltza, denok tontotuta, geldirik, baina pozik; finean, aurten ere Gabonetako opariren bat jasoko dugu eta ongizate estatu demokratiko batean bizi gara. Aparteko orduak egiten eta kredituak eskatzen, agindu dizkiguten ametsak bete ahal izateko: bidaia, yatea, etxe handia... Horrekin kaka-mokordo bat izateari utziko diola pentsatzen duena ez da ganorabako makala! Eta zu, zer? Zapata nori bota behar diozun ere ez dakizu oraindik, ala?