Batasunak salatu du Estatu frantsesak herriak ukatzen jarraitu duela EBko presidentetzatik
Arantxa MANTEROLA |
Europar Batasuneko txandakako Lehendakaritzan Estatu frantsesaren agintaldia amaitzeko atarian delarik, Jean-Claude Agerre Batasuneko bozeramaileak eta Koldo Gorostiaga parlamentari ohiak epealdiaren bilana egin zuten atzo Baionan, eta gobernamenduaren jokaera «hipokrisiaz eta arduragabekeriaz beterikoa» izan dela salatu zuten.
Estatu frantsesak ekainean Presidentetza hartu zuenean, Batasunak kezka agertu zuen, batez ere, bi arlo direla-eta. Batetik, herri gisa ukazioak nagusi izaten segituko zuen beldur zen indar abertzalea, eta, bestetik, herritarren eskubide sozialen murrizketa ez ote zen gertatuko. Agerrek esan zuen bi kezkak baieztatu direla: «Herriak aintzat ez hartzen jarraitu du eta herritarrekiko jarrera antidemokratikoa eta onartezina izan du». Europako Kontseiluan orain urtebete Estatu frantsesak berak onartutakoari ere ez diola jaramonik egin gaineratu zuen mahaikideak: «Nork daki nazio eskakizunak dituzten eskualdeei erantzun behar zaiela eta autonomia garatu dezaten beharrezko tresnak ahalbidetu behar zaizkiela dioen ebazpena ontzat eman zuenik? Alde batetik diskurtso bat darabil baina bere praktika oso bestelakoa da».
Danimarkak Groenlandiarekiko izan duen «jarrera demokratikoa» eredutzat ezarrita, Batasunak «herrien eta herritarren eskubideetan oinarritutako Europaren eraikuntza demokratikoaren» aldeko apustua egiten duela nabarmendu zuen Agerrek hedabideen aurrean.
Ildo horretan, «herrien ukazioari eta kapitalismo onartezin horri» aurre egiteko eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako premiei erantzuteko autonomia plantan ezartzea da, indar abertzalearen ustetan, «aterabiderako gutxienekoa».