GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hezkuntza lege-proiektu berria gelditzeko eskatu diote Camposi

Hizkuntza ereduen lege proiektu berria «iruzur hutsa» dela eta izapideak lehenbailehen gelditzeko eskatu zien atzo hainbat erakundek Tontxu Campos Lakuako Hezkuntza Saileko buruari. Eskolak Euskaldundu herri ekimeneko kideen hitzetan, lege berri hori «porrotera kondenatuta dago eta euskalduntze prozesuari kalte konponezina egingo dio».
p015_f02_111x111.jpg

GARA |

Hainbat eragilek deituta, protesta ekintzak egin zituzten atzo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat tokitan Tontxu Camposek zuzentzen duen Hezkuntza Sailaren hizkuntza ereduen proposamen berriaren aurka. Eskolak Euskaldundu herri ekimenak adierazi zuenez, «Euskal Herria euskalduntzeko, derrigorrezko hezkuntzak ikasle guztiak euskalduntzea ezinbesteko neurria da». Horrela, Camposi eskaera zuzena egin zioten: «Legearen izapidetzea gelditu, orain».

Egun, EAEn indarrean dagoen legeak ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzean euskara eta gaztelania modu egokian erabiltzeko gai izan behar dutela badio ere, «erdiak baino gutxiagok lortzen du gutxieneko euskara maila». Eskolak Euskaldundu ekimenak azaldu zuenez, «Jaurlaritzako hirukoak hauteskunde programan EAEko egoera latzari buelta emateko asmoa agertu zuen, eta sindikatu abertzale guztien eta hezkuntza zein euskalgintzako eragileen babesa zuen».

Orain ordea, «Tontxu Camposen sailak euskara desagerrarazi nahi dutenen neurriko proposamena egin du», salatu zuten, «noski, sindikatu abertzale guztien eta hezkuntza zein euskalgintzako eragileen babesik gabe eta bere hautesleei ere iruzur eginez».

Ekimeneko ordezkarien hitzetan, lege-proiektuak «hutsune ikaragarriak ditu», izan ere, «ez du helburu garbirik finkatzen». Gainera, proiektu berriaren arabera, «eskola orduen %52 izango da soilik derrigorrez euskaraz, B eredu askoren azpitik, jakinik eredu honetan 3 ikasletik bakarra euskalduntzen dela, eta hori soilik ingurune euskaldunetan». Bestetik, «irakasleak euskaldunak izan beharraren gaineko neurri zehatzik ere ez du finkatzen», salatu zutenez.

Lege-proiektu hori onartuko balitz, lehenbizi sei urtetik beherakoei aplikatuko litzaieke. Bestetik, hamabost urte igaro arte ezingo da lehen ebaluazio orokorra egin. Izan ere, martxan jartzeko lau urte behar dira eta ondoren, beste hamaika lege berriaren baitan hezitako belaunaldia aztertzeko. Eta horren ondotik, aldaketak egin ahal izateko, beste hainbeste urte igaro beharko dira.

«Iruzurraren legea»

Datu horiek ikusita, «lege hori iruzur hutsa» dela eta «porrotera kondenatua egoteaz gain, euskalduntze prozesuari kalte konponezina» egingo diola esan zuten Eskolak Euskaldunduko kideek. «Horregatik legea gelditu artean behin eta berriz aterako gara kalera», azaldu zuten.

Euskal Herrian Euskaraz-ek, Euskal Herriak Bere Eskolak eta LAB sindikatuak ere bat egin zuten atzoko deialdiekin. Eragile horien ustez, «zoritxarrez, lege proiektu berri honek ez ditu gure eskariak asetzen». Adierazi zutenez, «ikasle belaunaldi berri oso bat euskara ez ezagutzera kondenatuko dute, herritarron hitzaren gainetik ikasleen eskubideak zapalduz».

Ikasle Abertzaleak taldeak lege proiektua «egoera hobetu beharrean, are gehiago kaskartuko duen neurria» dela adierazi zuen. Ikasleei zuzenean eragingo dien legea izanda beraiek bertan egon beharko luketela argitu zuten. «Benetan haserre gaude kontuan hartu ez gaituztelako esateko asko baitugu», adierazi zuten IAko kideek.

Lege proiektu berria «administrazioaren eta zehazki EAren beste iruzur bat baino ez dela aldarrikatzeko» 65 hezkuntza-zentrotan (fakultate eta ikastetxeak) 2 orduko geldialdiak egin zituzten. Guztira, 950 pertsona inguru elkartu ziren.

Bestalde, lurralde batzuetarako erreforma autonomikoei ganorazkoak direnean «aski ez diren arren, ez diegu ezetzik esaten», azaldu zuten Eskolak Euskaldunduko ordezkariek. Hala ere, beren ustetan, «Euskal Herriko ikasle guztiak euskalduntzeko Hezkuntza Sistema Nazionala eraiki behar da eta kalean euskaraz bizitzeko aukera egon dadin euskararen ofizialtasuna bermatu».

egoera kaskartu

Ikasle Abertzaleek adierazi zutenez, «ikasleei zuzenean eragiten dien neurria izanda, guk bertan egon beharko genuke». «Egoera hobetu beharrean, are gehiago kaskartuko duen neurria da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo