«Azken bi urteotako erreforma guztiek helburu bakarra dute, dirua aurreztea»
Mathilde Harry Baionako ikasleen bozeramaileetariko bat da eta mugimendua hasi denetik blokeo eta manifestazioetan parte hartzen aritu da. Ikasleek duela bi aste bideraturiko mugimendua inoiz baino azkarragotzat ematen dute adituek, hasieratik ikastetxeen blokeoekin hasi baita.
Ainize BUTRON |
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasleek bi aste daramate Xavier Darcos Estatu frantseseko Hezkuntza ministroak ezarri nahi duen erreformaren aurkako mobilizazioetan. Horrelako protestak sarri gertatzen badira ere, aurtengo borroka aurrekoak baino gogorrago abiatu da, ikastetxeen blokeoarekin hasi baita. Lizeoetatik hasi eta unibertsitatera arte, ikasle guztiak ukitzen dituen mugimendua da, eta, aurtengo mobilizazioak ikusiz, adituek esana dute inoiz baino bortitzago hasi dela. Horren aitzinean, urtarrilean gauzatzekotan zegoen erreformaren ezarpena sei hilabetez gibelatzea erabaki du Xavier Darcosek. Erabaki horrek ez ditu, baitezpada, ikasleak geldiarazi. Asteartean mila bostehun bat zeuden Baionan, eta, gaur bertan, berriz ere, manifestazioa egitekotan daude.
Aurtengo ikasleen mugimenduak indar berezia hartu du. Nola abiatu duzue, zuzen?
Ikasleak beren kabuz mobilizatzen hasi dira erreformaren berri izaterakoan. Ikasleen mugitzeko grina ikusterakoan antolatzen hasi gara. Ikastetxe bakoitzean bozeramaile bat aukeratua izan da. Lizeoetatik hasi eta unibertsitatera arte egin dugu hori. Guztien artean koordinatuta lan egin dugu. Gainera, egunero bozketa egiten dugu, mobilizazioetan jarraitu ala ez erabakitzeko.
Halere, ikasleak inoiz baino azkarrago abiatu duzue mugimendu hori. Zergatik?
Ministroak traizionatu balitu bezala iruditu zaie ikasleei. Gauzak oso azkar gertatu dira. Ustekabean eta jakinean jarriak izan gabe, erreforma hori urtarrilean plantan jarriko dela jakinarazi digute.
Zer du erreforma horrek? Zertan da txarra?
Hainbat gauza aldatuko ditu, gehienbat ikasketen antolaketari begira. Gaur egun garrantzitsuak diren ikasgai batzuk hautazkoak bilakatuko dira. Gainera urtea bi seihilekotan banatuko dute. Aldaketa horiek beldurrak sortzen ditu, baina, ez bakarrik ikasleen baitan, ikastetxeetako buruek ere kezkak adierazten dituzte. Gainera, Gobernuaren jarreran gauza asko ulertezinak dira. Erreformak edonola eta edonoiz egiten dituzte. Hezkuntzari dagokionez, lizeoekin batera kolegio eta ama-eskolak ukituak dira. Gaizki egote orokor bat dago.
Hezkuntza sistema erreformatzea beharrezkoa dela diote askok...
Horrekin ados gaude. Gobernuak plantan jarri duen erreforma horretan ez gaude guztiaren aurka. Hezkuntza sistema erreformatu behar da, baina, testu hori Gobernuak sei hilabetez egin du. Egiteko orduan ez du inoren aholkua eskatu. Guk, atal batzuk berrikusteko eskatzen diogu, eta, ekintza batzuk gauzatu aurretik esperientziak eginak izatea nahi dugu.
Darcosek erreformaren gauzapena gibelatu du, alta mugimenduarekin jarraitzen duzue. Zergatik?
Sei hilabetez gibelatzeak ez du erran nahi bertan behera uzten duenik. Estatuak hartu erabaki hori ikastetxeetako buruen presioaren ondorioa da. Erreforma hori irailean gauza ezina dela diote gehienek. Gure eskaerak ez dira entzunak izan. Orduan jarraituko dugu baina beste mota bateko mobilizazioak eginen ditugu. Ikastetxeen blokeoak baino, okupazioak eta manifestazioak eginen ditugu. Eta, oporretan ere manifestazioa eginen dugu presioa azkarra atxikitzeko.
Manifestazioetan, «Hezkuntza ez da salgai» edo ikasketen arloan ikasleen arteko berdintasunari buruzko aldarrikapenak egiten dituzue. Erreforma hori atal mugatu batzuk baino urrunago joaten dela ematen du...
Bai. Atal mugatu batzuetatik at, azken bi urteotan Gobernuaren jarreran xede nagusi bat ikusten dugu: aurrezteko beharra. Ikasleek eguneroko bizian ikusten dute. Eta, erreforma guztiak helburu hori dute. Baina, hezkuntzari erasotzen zaiolarik, beldurrak areagotzen dira.
«Erreformak edonola finkatzen ikusten ditugu, eta egonezin orokor bat sortzen du horrek»