GARA > Idatzia > > Mundua

Indiako Parlamentuak «lege antiterrorista» gogortzeko eztabaidari ekin dio

Mumbaiko atentatuak gertatu eta hiru astetara, Indiako Gobernuak «terrorismoaren aurkako legea» gogortzeko eskatu dio Parlamentuari. Akatsak izan zirela onartu eta gero, AEBetako FBIren tankerako Polizia federala sortu nahi du New Delhiko Gobernuak.

p021_f01_148x140.jpg

GARA |

Indiako Parlamentuak «terrorismoaren aurkako legeak» gogortzeko eztabaida hasi zuen atzo. Honez gain, AEBetako FBIren tankerako Polizia federal bat sortzeko asmoa dute, Mumbaiko atentatuak jazo eta hiru aste pasa direnean.

«Terrorismoaren» aurkako legeen gogortzeko Indiako Gobernuak aurkeztu duen lege egitasmoak herrialde honetako prentsaren haserreari aurre egitea du helburu. Izan ere, azaroaren 26 eta 29 bitartean 163 hildako eragin zituzten Mumbaiko atentatuei aurre egiteko segurtasun indarrak ez zirela gai izan nabarmendu du egunotan Indiako prentsak.

«Onartzen dugu: informazioa jaso eta banatzeko garaian arazoak izan ditugu. Dagokigun ardura gure gain hartzen dugu eta arazoa konpontzeko prest gaude», adierazi zuen Barne ministro Palaniappan Txidambaramek Parlamentuaren aurrean.

Gauzak horrela, aurrerantzean «terrorismoagatik» atxilotutakoak 180 egun eduki ahal izango dituzte Poliziaren eskuetan, lege berrirako proposatutakoari jarraituz. Une hauetan, 90 egunetan dago muga hori. Diru zuritzea eta susmagarriak diren transferentzien aurka egiteko ere neurriak onartuko ditu Indiako Parlamentuak. «Oso garrantzitsua da terrorismoaren finantziazioa kolpatzea», adierazi zuen Txindabaramek.

Esan bezala, Ikerketarako Agentzia Nazionala (NIA, ingelesez) indar poliziala sortuko dute Indian, AEBetako FBI eredutzat hartuta. AEBak bezala, India ere estatu federala da. 29 estatuk eta hainbat lurraldek osatzen dute Indiako Errepublika.

Polizia honen sorrera iraultza izango da Indiako erakundeetan. Orain arte, Indiako estatuek segurtasun alorrean duten burujabetza sutsuki defendatu dute, indar polizial federal baten aurrean.

Espioitza lanetan aritzen diren IB eta RAW erakunde federalak ere jeloskor azaldu ziren.

Txindabaramek, ordea, polizia berri honen sorrera ezinbestekotzat jotzen du, «terrorismoarekin lotura duten ikerketak eta jarduerak eraginkorragoak izan daitezen».

«Estatuetako gobernuen eta Gobernu federalaren betebeharren arteko oreka lortu dugu», gaineratu zuen Barne ministro federalak.

Joan den astean, orain Parlamentuan eztabaidatzen ari diren neurriak aurkeztu zituenean, «aurrean dugun mehatxua zein mailakoa den kontuan izanik, ezin dugu gure ohiko zereginetara itzuli ezer gertatuko ez balitz bezala», bota zuen Txindambaramek.

BJPren eskaerak

Oposizioan nagusi den Bharatiyah Janata Party (BJP) eskuineko alderdi ultrahinduistak «printzipioz» Gobernuak aurkeztu dituen neurriekin ados zegoela esan bazuen ere, egitasmo hau aztertu ahal izateko Parlamentuko batzorde batera igortzeko eskatu zuen alderdi horren buru L.K. Advanik.

Advanik Kongresuko Alderdiaren (sozialdemokrata) Gobernuari leporatu zion BJP agintean zegoenean onartutako «terrorismoaren aurkako legea» (POTA izenekoa) indargabetzea. «Zazpi edo zortzi urte behar izan dituzte neurri hauek beharrezkoak zirela ikusteko», adierazi zuen.

Kongresuko Alderdiko kide eta Zientzia ministro Kapil Sibalek POTA ez zela egokia jakinarazi zion Advaniri, 2002. urtean Gujarat estatuan muturreko hinduistek musulmanak hiltzeko erabili zutela nabarmenduz. «Gurea ez da POTA berri bat», gaineratu zuen.

La Polcía de Yakarta se prepara para un atentado como el de Mumbai

Unos 400 policías indonesios participaron ayer en un ejercicio que reproducía las condiciones en las que se produjeron los atentados de Mumbai para prepararse para hacer frente a una acción de esta magnitud, según informó la Policía.

Los agentes simularon a la hora del almuerzo que eran atacados por milicianos armados tras una toma de rehenes en el edificio que alberga la Bolsa de Yakarta.

«Este ejercicio tiene como principal objetivo poder anticiparnos a un ataque terrorista similar al que golpeó Mumbai», explicó el responsable de la sección «antiterrorista» de la Policía indonesia, Rudi Sufhariadi.GARA

Kaxmir

Bi matxino musulman hil zituzten atzo Indiako segurtasun indarrek Kaxmirren. Egun hauetan, eskualde hauteskundeak egiten ari dira Kaxmirren. Independentistek boikotera deitu dute eta liskarrak ugari dira.

jaish-e-mohamad

Jaish-e-Mohamad (JeM) talde armatu islamistaren buru Masud Azhar ez dagoela Pakistanen nabarmendu du Islamabadeko Gobernuak. Indiak haren burua eskatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo