2009ko espainiako itzuliaren aurkezpena
Holandatik Madrilera, igotzaileen aldeko itzulia
GARA | MADRIL
Atzo eman zuten jakitera 2009ko Espainiako Itzuliak zein ibilbide egingo duen. Ikusgarritasunari dagokionez, Tourrarekin edo Giroarekin lehiatzerik ez duenez, Espainiako Itzuliak originaltasuna eta emozioa izan nahi ditu bereizgarri nagusi. Hala, onenen artean alde handirik nekez espero litekeen ekitaldia izatea aurreikusten da datorren irailekoa.
Abuztuaren 29an hasiko da Vuelta, baina Estatu espainoletik kanpo, Vueltaren historian bigarren aldiz, Holandan hasiko da, Assenen hain zuzen. Hain ezagun den motoziklismoko zirkuituan erlojuaren aurkako 4,5 kilometroko aurreneko etapa jokatuko da bertan. Beste hiru egunetan ere ibiliko dira Holandan txirrindulariak, hain zuzen, Emmenen, Venlon eta Liegen -Belgikan- izango dira hurrengo etapa amaierak. Horren ostean, Vueltak aurreneko atseden eguna izango du, irailaren 3an Tarragonatik ekiteko.
Oro har, igotzaileentzat aproposa dirudi Espainiako Itzuliak. Dena den, aurreko ekitalditik hona Asturiaseko mendiak eta Pirinioak bazter batean geratzen dira. Bestetik, bost etapa amaiera izango dira mendian: Aitana, Xorret de Cati, Velefique -aurreneko aldiz-, Sierra Nevada eta La Pandera.
Etapen artean, Andaluziako hirurek -bigarren atseden egunaren ondotik datozenak- dirudite gogorrenak. Velefique birritan igo beharko dute txirrindulariek, eta Calar Alto beste behin. Biharamunean, Sierra Nevada luzera iritsi aurretik, La Ragua eta Monachil pasa beharko dituzte. Irailaren 13an La Pandera igo beharko dute, eta etapa motza izan arren -157 kilometro-, txirrindulariek hiru egunetako nekea igarriko dute.
Bestetik, hirugarren astean Avilara eta Segoviara bidean ere ez da mendirik faltako. Etapak, oro har, oso motzak direla kontuan hartuta, ihesaldi saiakera ugari aurreikus litezke, sailkapen buruaren taldeari lana beltz eginaraziko diotenak.
Mendiko etapez gain, erlojuaren aurkako bi etapa -aurreneko etapaz gain beste bi, alegia- izanen ditu 2009ko Vueltak. Biak ere nahiko motzak. Zazpigarren etapan, Valentzian hasi eta amaituko den 30 kilometrokoa. Bigarrena, berriz, azkenaurreko etapan, 26 kilometro besterik izango ez dituena, Toledon hasi eta helmuga Toledon bertan izango duena. Ondorioz, esan liteke erlojuaren aurkako espezialistek jai dutela, baina, dena den, ez dirudi alde handirik izango denik onenen artean, eta zeinahi egun txar erabakigarri izan daitekeela.
Lo hartzeko astirik gabe
Atzoko aurkezpen saioan hainbat txirrindulari izan ziren, eta beren iritzia plazaratu zuten saioaren ostean. Euskaltel-Euskadiko taldeburu izango den Samuel Sanchezen hitzei jaramon eginez, abuztuaren 29tik irailaren 20ra bitartean «ez da lo hartzerik izango».
«Vuelta gogorra izanen da, igotzaileentzat aproposa. Mendi igoera dezente izango da, bigarren eta hirugarren astean batik bat. Baina batez ere, despistatzen dena zigortuko du itzuliak, eta ez dio inori lo hartzen utziko», adierazi zuen txapeldun olinpikoak.