GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Rioko Taldea AEBei begira, bere kide berriaren blokeoa bukatzeko itxaropenarekin

Atzo Costa do Sauipen (Brasil), Latinoamerika eta Karibeko Lehenengo Gailurrean, Kuba Rioko Taldean sartu zen, «ate handitik» sartu ere. Kontsulta politikorako talde garrantzitsu horretara egindako sarrera ofiziala izan zen, iragarrita bazegoen-eta duela hilabetetik. Atzoko bileran bildutako gobernarien arteko hainbat desadostasun nabaritu ziren; hala ere, bat etorri ziren denak Kubari ongietorria ematean. Zenbait behatzaileren iritziz, adostasun hori Latinoamerikako herrialdeak Estatu Batuen mende ez dauden seinale da. Badirudi zerbait mugitzen hasi dela, Latinoamerikako herrialdeen arteko harremanak aldatuz doazela -bereziki Kubarekin- eta herrialde horien arteko benetako lankidetza posible dela. Areago, atzoko bilerako beste adostasun bat Kubaren blokeoa bukatzeko eskaera izan zen. Iparraldeko bizilagunari begiratu zioten, Barack Obamak presidentetza hartu baino hilabete lehenago, beren esperantza erakutsiz. Beharbada ez lukete asko espero behar Ameriketako Estatu Batuetatik, presidente berria gorabehera. Nolanahi ere, Latinoamerikan bada itxaropenerako tarterik, eta esperantza hutsean ez geratzea euren lana izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo