Kronika | AKME 08
Leioako Arte Ederren fakultatean «Zabor Kultura» dute aztergai
EHUk Leioan duen Arte Ederretako fakultatean, eta AKME 08 (Arte, Kultura eta Medioen erabilera) jardunaldian barruan, «zabor kultura» dute aurten mintzagai.
Anartz BILBAO
Hogeita hamar artistagairen aurrean, tatuaje, kapela, pastadun betaurrekotzarrak, bibote eta bizar luzeak eta jantzi deigarriak nagusi ziren aretoan agertu zen goizeko hamarretan Jordi Costa kazetaria. 1981a geroztik herri kultura aztertzen diharduen “Costa Fantastic Magazine”ko buru eta Cinemania kateko edukien arduradun izandakoa dugu, eta “El País”, “Avuí”, “La Vanguardia” edo “Fotogramas” eta beste hainbat kazetetan zinema kritikak egiten ditu egun. Bestalde, hamar liburu inguru argitaratu eta orain gutxi “Cultura Basura: una espeleología del gusto” erakusketa atondu zuen.
“Zabor kulturaren” sorrera edo jatorrira eraman nahi izan gintuen Costak, 1840. urte inguruan “American Museum” zelakoan egiten zuten “munstro erakusketetara”. «Azoka ibiltarietan erakusgarri jartzen zituzten “giza fenomenoekin” hasi, eta itsusian edo zatarra izatean edertasun ezberdin bat onartzeko bultzadaraino». Horrela sortzen baita, kazetariaren esanetan, “Zabor kultura”, munstroa ikustetik, arte eta kulturan alimaleko edertasuna ikustera iragatean.
Kultuzko zinema
Kultuzko zinema
Hitza eta pelikula edota irudi zaharren proiekzioa txandakatuz, Ed Wood zinema zuzendaria, “Freak Show” ikuskizunak eta Margaret Keane (begi ikaragarri handiko neskatoak margotzen ospea lortu zuen artista) aipatu zituen Costak, eta “zabor kultura” definitu nahian, «estetikoki eta etikoki begirada ortodoxo batek onartuko ez lukeena erakargarri suertatu eta arte bihurtzea» aipatu zuen, eta ikuspegi honetan ironiak duen zeresana nabarmendu.
Zinemaz ere mintzatu zen Costa, jakina. Haren aburuz, «B mailako beldurrezko eta zientzia fikziozko pelikulek sortu duten zabor zinemak portaera erritualak sortu, eta elkarrizketa ludikoa sortu zuen ikus-entzule eta pelikulen artean, proiekzioa berez, zinema aretoetan iskanbila sortzeko aitzakia izateraino». Pantaila eta ikus-entzulearen arteko jai giroko hartu-eman horrek kultuzko pelikulen sorrera ekarri zuen, gainera, «jendeak behin eta berriro ikusten zituenak, pantailako antzezleekin hitz egin, hauei oihukatu, beraiek lez mozorrotu, pelikulan euria ari zuenean, ikusleak xiringaz ura botaz bustiz, edo ezkontzak zirenean aretoetan arroza botaz...». Horren adibidetzat, “Mistery Science Theatre 3000” eta halako ikuskizunak jarri zituen. Gainera, “zabor kultura”ren paradigmatzat Ed Wood zinema zuzendari famatu bezain «desastrea» aipatu zuen.
“Zabor kulturak” beraz, estetika propioa garatzen du noiz zer gustatu behar zaigun esaten digun erregela kultural estandarraren aurrean, eta kolokan jartzen ditu hierarkia kulturalak. Laburtuz, kontrara doan gustu aktiboa garatzen du, kalterako –telebistan kasu–, parte-hartzea mugatu eta munstroa modu okerrean eder bihur badezake ere. Dena “zabor” duen egungo gizartean –lana, sexua, janaria–, teknologia berriek ere, kazetariaren aburuz, “sare sozialen” bidez, badute gutariko bakoitza norbere buruaren zabor bertsio bihurtzeko arriskua.
Zaborra da nagusi egun
Zaborra da nagusi egun
Costak lana bukatu ostean, “Mundo Brutto” fanzine bizarroko Grace Morales eta Galactusek hartu zuten hitza, eta “zabor kultura” kontzeptua arbuiatu eta “herri kultura” hobetsi zuten. «Egun, dena da zabor kultura, hasi telebista eta irratiko saioetatik eta salmenta zerrendetan ageri diren pelikula edo diskoetaraino». Orain hamabost urte, 1993ko neguan sortu eta hamabost urte betetzear ditu aurki 40. zenbakia plazaratuko duen “Mondo Brutto”k, Morales eta Galactusek amateur gisara eraikitako lurrazpiko lehergailuak. «Kontua da merkataritzako kontuei kasurik egin gabe eta etekin edo publizitate helbururik gabe bakoitzak gustuko duena egitea, bidezidorrak erabiliz».
Herri kulturaren defendatzaile, “Mondo Brutto”ko lagunek oraindik artisau erara garatzen dute beraien ustez “zabor kultura” edo «freak» izatearekin zerikusi gutxi duen fanzinea. «Egun albistegietan ere gauzarik itsusi eta penagarrienak agertzen dituzte, saltzen dutelako, eta freak kontzeptua adibidez, guztiz aldatu da esanahian, txarrerako». “Mundo Brutto” aldiz, «gaietan espontaneoa da eta egiten oso erraza, lan mardula eskatzen badu ere. Horrela gustatzen zaigu» bukatu zuten jarduna Galactus eta Moralesek eguerdirako, parte hartzeko irrikitan zen entzuleria gazteari hitza emanez.
Jardunaldiak gaurko saioekin amaituko dira. 10.00etan Mery Cuestak irekiko du ekitaldia. Arte kritikari, komikigile eta bateria jotzaile, Gironako Unibertsitatean Arte Ederrak ikasi zituen, eta “Quinquis de los 80 para el CCCB” erakusketa prestatzen dabil. Jarraian, Fito Rodriguezek gidatuko du mahai-inguru bat, eta amaitzeko, “Taller del Soho”ko kide Alfredoren show musikala izango da.