GARA > Idatzia > > Kultura

Euskaltzaindiaren webgunera berrikuntzak gehitu ditu IKT batzordeak

GARA | BILBO

Euskaltzaindiko Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) batzordeak Akademiaren webguneari (www.euskaltzaindia.net) baliabide berriak gehitu dizkio eta Web 2.0 teknologiara egokitu du.

IKT batzorde hori 2007an sortu zen, eta bitarte honetan hainbat baliabide berri erantsi dizkio webguneari. Adibidez, arau-erabakien banaketa elektronikoa egin du. Baina hemendik aurrera beste bi berritasun izango dira; batetik, atal berri bat izango du guneak: Iker/Jagon-tegiak. Horren bidez, Euskaltzaindiak Interneten eskuragai jarri ditu lehendik paperean argitaratuak dituen ikerlanak, gaika sailkatuta. Bestetik, «Plazaberri» agerkari digitala blog bihurtuko da. Blog arrunt batek dituen ezaugarri guztiak izango ditu, besteak beste, Web eta RSS bidezko banaketak egitea eta irakurleen iruzkinei ateak irekitzea. Moldaketa hauek direla-eta, azpiegitura teknologiko guztiz berria du Euskaltzaindiko webguneak. Ezaugarri adierazgarrienen artean honakoak antzemango ditu erabiltzaileak: edukiak argitaratzeko malgutasun handiagoa, bilaketak egiteko era anitza (lehen modu bakar bat zegoen hitzak bilatzeko; orain, aukerak ugariagoak izango dira hitz bera bide anitzetatik topatu ahal izango delako) eta jende gehiagoren parte-hartzea, blog edota iruzkinei esker.

Berrikuntzak berrikuntza, webguneak betiko atalak izango ditu: Erakundea, Argitalpenak, Azkue Biblioteka eta Hizkuntza-kontsultak. Bestalde, beti eman izan duen informazioa emango du orain ere: erakundeari buruzko informazioa, Euskaltzaindiaren arauak, Hiztegi Batua, Izendegiak (herriena, deiturena eta mendiena), Azkue Biblioteka eta Argitalpen Katalogoak. Euskaltzaindiak gogorarazi du webgunearen eduki guztiak erabil daitezkeela (kopiatu, zabaldu...) salerosketa asmoz egiten ez den bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo