GARA > Idatzia > > Kultura

Izpiritu gazte eta berritzailea Euskadiko Orkestra Sinfonikoan

Euskadiko Orkestrako zuzendari titular berria, Andres Orozco-Estrada kolonbiarra, atzo agertu zen komunikabideen aurrean. 31 urte besterik ez baditu ere, eskarmentu handikoa da. Euskal errepertorioari eta konpositore gazteei ateak irekitzeko asmoa azaldu du.

p042_f01_97x164.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Bost urterekin hasi zen biolina jotzen, eta hamabost urte zituenerako bere kontserbatorioko orkestra zuzentzen zuen. Medellinen (Kolonbia) jaio izanak lanerako grina ekarri omen dio 31 urteko Andres Orozco-Estradari, eta asmo horrekin heldu da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular izatera. «Nire helburua ez da orkestra honek ongi jotzea, bikain jotzea baizik».

Bere egitasmoen gainean hitz egin zuen atzo emandako prentsaurrekoan. Alde batetik, musikarien adierazteko gaitasunaren garrantzia azpimarratu zuen. «Publikoa eta orkestraren arteko komunikazioa hobetu nahi nuke, aukerak eman galdetzeko, hitz egiteko...». Bestalde, diziplina eta musikarien askatasunaren arteko oreka bilatzen saiatuko dela adierazi zuen, «nahi dute, eta behar ere bai zuzendari bat gainean egotea; baina beraiei aukera emanez gero, barnean duten onena ateratzen dute eta garrantzitsua da bakoitzak sentitzea bere ekarpenak osotasunean benetan balio duela».

Errepertorioari dagokionez, Orozco-Estradak esan zuen euskal kantutegia aztertzen ari dela buru-belarri, eta oso gogoko duela. «Euskal konpositoreetan enfasia jarri nahi dut, bai orain arte interpretatu direnetan, bai berrietan. Bideak ireki nahi ditut konpositore gazteek gurekin lan egiteko aukerak izan ditzaten». Musika sinfoniko-korala ere oso gustukoa duela jakinarazi zuen, «hemen inguruan ditugun orfeoi eta koralak zoragarriak dira eta izango dugu elkarlanean aritzeko aukerarik».

Eskarmentu handikoa

Duela bost urtera arte, Vienako Musika Akademian aritu zen Orozco-Estrada, Orkestra Zuzendaritza ikasketen ezagutzak hobetzen. Gero, 2004an, Tonkünstler-Orchester Niederösterreich zuzendu zuen eta «Vienako miraria» izenarekin bataiatu zuen austriar egunkari batek. Arian-arian, 2007an orkestra horretako zuzendari titular izendatu zuten, eta 2009/2010 denboralditik aurrera, bi zuzendaritzak batera eramango ditu.

Beste zenbait orkestratan ere aritu da zuzendari titular moduan, hala nola Graz hirikoan, Bogotako Filarmonikoan edo Kolonbiako Orkestra Nazionalean. Zuzendari gonbidatu gisa, Alemania, Austria, Eslovakia, Suedia edota Polonian izan da. Opera ekoizpenetan ere badu esperientziarik.

Euskadiko Orkestrak Milanen eskainiko dituen kontzertuetan bera izango da zuzendari, baita Europan barrena egitekotan diren biran ere. Euskal Herrian, Bilbon eta Iruñean izango dugu bera ikusteko aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo