Maider Eizmendi Kazetaria
Urruntasunean ere gertu
Samurtu egiten gara egunotan, jai hauetan. Kaleetako argien dirdirak eragindako itsutasunagatik edota Gabon kanten errepikaren errepikak bultzatutako hipnosiagatik izango da akaso, nork daki?
Hitz goxoek, desioek, elkartasun keinuek, esanahi eta leku handiagoa hartzen dute egun hauetan, maiz, Eguberri jaien bueltan etorri diren bezala eta bide beretik, berriz ere, ihes egiteko.
Horregatik akaso, jai maitatu bezain gorrotatuak dira iristear dauden hauek edota poztasunean pozgarriak eta aspaldian ikusi gabekoak biltzeko aproposak, baina tristuran tristeak direlako, urruntasuna urrundu eta hutsuneak husten baitituzte.
Bai, familian edota lagunartean mahai inguru handietan esertzeko tenore aproposa dugu sasoi honetan eta hori pozgarria bezain tristea da batzuetan. Jarritako eserleku berriek eragiten duten pozak ez du hutsik geratu direnen tristura estaltzen, ezin dute leku hori bete, eta ez dute bete behar, gainera.
Makina bat dira aspaldi honetan hutsik geratzen ari diren mahaiak, oheak, sukalde bazterrak eta ugari Eguberri jai hauetan inork beteko ez dituen txokoak, gehiegitxo tamalez.
Nahi baino gehiago, halaber, eserlekua bete bai, baina buru-bihotzarekin maiteen bila hegan egingo duten guraso, lagun, senide eta seme-alabak, imajinazioarekin urruntasunean gertu sentitu nahiko dutenak; bueltan berriz urrutitik herrira, etxera, afal aurreko poteora, hutsik utzi duten eserlekura itzuli nahiko dutenak, gurasoei muxu bana eta anai-arreba eta lagunak besarkatzera.
Akaso, batek daki, bidegurutzeren batean egingo dute topo batzuen eta besteen ametsek eta elkar ikusi eta besarkatzeko desioek; eta han, urrutiko txokoan, ezkutuan baino libre egingo dituzte afari mardulak, kantatuko dituzte Gabon kantak, egingo dituzte datorren urterako eskaerak... Zergatik ez?