GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua

Onartu behar dena onartu

Kudeaketa politiko gardenarekin dudan konpromisoa berretsi nahi dut. Konpromiso horrek erroreak eta akatsak onartu eta horiek zuzentzeko neurriak hartzera behartzen nau

Nire bizitza politikoaren lehen minututik argi izan dut gobernu jarduerak erabateko gardentasuna behar duela; praktika politiko ororen funtsezko ezaugarria izan behar badu, are funtsezkoagoa behar du gobernu jarduerari dagokionez.

Era berean, uste osoa dut gobernu jardueraren eta hobekuntza iraunkorraren artean barru-barruko lotura egon behar dela; izan ere, begi-bistakoa da kudeaketa publikoaren prozesuek etengabeko berrikuntzaren bultzada iraunkorra behar dutela, tartean pertsonak eta kudeaketarako egiturak dauden prozesu dinamikoak izaki, beti hobetu daitezkeelako. Finean, ni neu eta nire lan-taldeak horretan saiatzen gara eta erabat konprometituta gaude etengabeko hobekuntzaren jarrera horrekin; uste dut halaxe erakusten dutela, beti gure gizarteko erakundeekin eta kultur eragileekin elkarrizketa eta elkarlanean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik sustatu eta babesten ditugun ekintzen eraginkortasunak eta sendotasunak.

Gure ekintzak dira kontuan hartu beharrekoak. Iruditzen zait premiazkoa dela baztertzea gure jarduera politiko eta informatibotik arerio politikoa botatzeko edozerk balio duelako ideia gaiztoa. Printzipio makur horretatik eratorritako politika, antzua ez ezik, biziki bidegabea eta asoziala da. Politikan balio du -edo balio beharko luke- gizarte jarduera osoan balio duenak: arrazoizko eta arrazoitutako kritikak, proiektuen arteko lehia zintzoak, oposizio arduratsuak. Eta ororen gainetik ardura politikoak.

Ardurak eta batez ere, zorroztasunak, zehaztasunak izan behar du nagusi beste ezeren gainetik ikerketa publikoa eskatzen duen edozein gertakari argitzeko garaian. Izan ere, ikerketa publikoa, osasungarria ez ezik, gardentasun tresna ezinbestekoa da, gizarte osoaren interesak zaintzeko erantzukizuna duten erakundeen eskura, eta, bereziki, Legebiltzarren eskura.

Interes publikoaren zaintza eta kudeaketa publikoaren gardentasunari buruzko arauak nolako zorroztasunarekin bete, halaxe neurtzen da demokraziaren kalitatea, hain zuzen. Benetan penagarria da alderdikeriaz jokatuz eta hauteskundeei begira jarrita ikerketa publiko baten balioak horrela prostituitzeko prest dagoen jendea gure artean egotea; izan ere, itsutasun horrekin osasun demokratikoaren funtsezko araua indargabetzen dute: kudeaketa publikoan gertatzen diren irregulartasunek, ezer baino lehen, eskatzen dute bizkortasunez, eraginkortasunez eta sendotasunez jokatzea, jokabide irregularrak antzeman eta zigortzerakoan.

Izan ere, kudeaketa publikoak, tartean pertsonak dauden heinean, aurreikusi egin behar du jokabide desegokiak gerta daitezkeela bere baitan; eta horiek antzemateko sistemak ezarri behar dira, nahiz batzuetan hauek ez egoki funtzionatu. Zer da, beraz, arduraz jokatzea eta non datza erantzukizun politikoa? Berretsi nahi dut: akatsak aurkitzea, onartzea eta zuzentzea eta horrekin batera, modernitate, garapen eta nazioarte mailan erreferentzia diren egitasmoekin aurrera egitea. Barkaezina da kudeaketa publikoaren arduradun nagusiak eraginkortasunez eta etengabe ez ahalegintzea kontrol sistemak adi mantentzen, edo behin gaiztakeria suertatuz gero, berandu edo eraginkortasunik gabe erantzutea, edo okerragoa dena, tolerantzia moduren batekin erantzutea.

Horrexegatik:

-Bat nator eta neure egiten dut Guggenheim Bilbao Museoko patronatuak, Museoan Kudeaketa eta Finantza zuzendariak egindako lapurreten eta dibisen trukearekin gertatutako galeren ondoren, Juan Ignacio Vidarteri berretsi dion konfiantzan.

-Patronatuak dioen moduan, uste dut Museoa eztabaida politikoaren erdian, ez dagokion tokian, jarria izan dela.

-Herri eta gizarte honentzat arrakasta eta bikaintasunaren aukera eta eredu den Guggenheim Bilbao Museoarekin aurrera egiteko konpromisoa hartzen dut eta zentzu horretan, Juan Ignacio Vidarte jauna bere karguan berresteko erantzukizun politikoa neurea egiten dut. Guggenheim Bilbao Museoaren buru bezala egindako lana eredugarria da. Eta Bilbok, Bizkaiak eta Euskadik ezin dute aktibo hori alferrik galdu. Sinetsita nago horixe dela Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko herritarrek eskatzen didaten erantzukizun politikoa.

-Berroeta-Aldamar elkarteko kide gisa, nire arduratzat hartzen dut Elkarteak Museoaren eraikuntza lanak hartzerako garaian konfiantza gehiegirekin jokatu izana Balenciaga Fundaziotik zetorren gerentea eta Jaurlaritza partaide ez duen Fundazio hark lehendik izenpetutako kontratuak oinordetzan hartu zituenean.

-Horrekin batera, nire ardurapekoa izan da lehen susmoak izan bezain pronto neurri guztiak hartu izana. Gertatutako sakon ikertzea bultzatu dut eta epaileen eskura eraman dugu auzia eta horren berri osoa erakundeei eta gizarteari eman diogu.

-Berroeta-Aldamar elkarteak Balenciaga Museoa eraikitzeko lanak ongi burutu ditzan erantzukizuna neure egiten dut. Balenciagaren ondareak merezi du ahalegindu gaitezen proiektu bikain hori gauzatzen, estrategikoa baita Getariarentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat. Sinetsita nago horixe dela Getariak, Gipuzkoak eta Euskadik eskatzen didaten erantzukizun politikoa.

-Azkenik, kudeaketa politiko gardenarekin dudan konpromisoa berretsi nahi dut. Konpromiso horrek erroreak eta akatsak onartu eta horiek zuzentzeko neurriak hartzera behartzen nau eta denen gainetik, herri honen ongizatea eta garapena dakarten egitasmoen alde zintzo eta gogor lan egitera bultzatzen nau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo