Baztango sei herri ordezkari gabe daude, eta orain arteko gazteena dute Elizondon
Baztan bailaran bozketak izan zituzten joan den igandean, herri bakoitzeko ordezkariak aukeratzeko. Sei herritan ez da inor aurkeztu, eta Elizondon, lehia biziaren ondotik, Xabier Torres gaztea aukeratu zuten.
GARA |
Baztan bailaran bozketak izan zituzten joan den igandean. Herriz herri egin zituzten bozketak bakoitzeko ordezkariak aukeratzeko. Bi urtetik behin egiten diren hauteskunde hauetan hainbat berezitasun izan ziren: bortz herritan ez zen hautagairik aurkeztu; Almandoz-en berriz, hurrengo igandean eginen dute bozketa, azken orduan aurkeztu baitzuen bere burua Rakel Migeltorenak, eta beraz, botopaperak prestatu gabe zeuden. Elizondon berriz, bi hautagai aur- keztu ziren eta lehia bizi-bizia izan zen. Parte-hartzea ere handia izan zen, eta azkenean, nagusiki boto-emaile gazteei esker, Xabier Torres 27 urteko gaztea aukeratu zuten Elizondoko zinpeko alkate kargurako. Orain arte herri horretan izandako ordezkaririk gazteena dela jakinarazi zuten Baztandik.
Lehia bizia izan zen hala ere. Bertze hautagaiak ere, orain arte kargu hori betetzen zuen Rafael Olaizolak, boz kopuru handia jaso baitzuen. Arratsaldeko azken ordura arte pil-pilean egon zen bozketa, bakoitzak jasotako boz kopuruak parean ibili baitziren, eta azkenean, alde txikiarekin, baina Torres-ek irabazi zuelarik. 381 boz jaso zituen, eta Olaizolak berriz, 328. Bestalde, lau boz zuri izan ziren, eta zazpi baliogabe. Bozketarako Batzarrak izandako parte-hartze handia goraipatu zuten elizondotarrek.
Egoera ez da halakoa bertze herri anitzetan. Guztira hamabortz herri ditu Baztan bailarak, eta horietako bortzetan oraingoz ez da inor aurkeztu zinpeko alkatetzarako hautagai. Amaiur, Elbete, Gartzain, Arraioz eta Oronoz dira herri horiek. Amaiur-en, Migel Joxe Ariztia izan da orain arte kargu hori bete duena, baina lanak tarte txikia uzten diola-eta, ez segitzea erabaki du. Igandean egindako batzarrean eztabaidatu zuten gaia, baina ez zuten lortu inor izendatzea. Gainerako herrietan bezala, beste saio bat egin beharko dute. Ohituraz, Eguberrien aitzineko igandean egiten da bozketa hau.
Baztango Batzar Nagusia
Almandoz-en badute hautagaia, igandean bertan aurkeztu zena, eta bozketarako hitzordua ere jarri dute hurrengo iganderako. Azpilikuetan, Lekarozen, Iruritan, Zigan eta Berruetan orain arteko ordezkariek segituko dute karguan. Bestalde, Erratzun, Arizkunen, Almandozen eta Anizen, berriz, zinpeko alkate berriak aukeratu zituzten joan den igandean.
Alkate horiek herriko kontuak Udalari helarazteko bitartekariak dira, eta hainbat hilabetetik behin biltzen den Batzar Nagusian parte hartzen dute. Batzar hori Udaleko zinegotziek eta zinpeko alkateek osatzen dute, eta erabakiak hartzerakoan bakoitzak bere boza ematen du.
Baztango bailarak Udal bakarra du, eta beraz, herri bakoitzak zinpeko alkateak aukeratzen ditu ordezkaritza izateko. Udalari herrietako kontuak helarazteko bitartekari lana egiten dute alkateok, eta hainbat hilabetetik behin egiten den Batzar Nagusian Udaleko zinegotziekin batean boza emateko aukera dute.