GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Aturri-Errobi herri elkargoko hautetsiak abiadura handiko tren berriaren kontra daude

Aturri-Errobi herri elkargoa osatzen duten sei herriko etxeetako auzapezak Ipar Euskal Herria zeharkatuko lukeen Abiadura Handiko Tren berriaren egitasmoaren kontra agertu dira. Zalantzak dituzten beste hautetsiei beraiekin bat egiteko eskaintza egin diete.

p021_f01.jpg

Idoia ERASO |

Prentsaren aurrean agertu ziren atzo Urketako Barthelemy Bidegarai, Milafrangako Robert Dufourcq, Lehuntzeko Pierre Guillemotonia, Mugerreko Roland Hirigoyen, Ahurtiko Robert Lataillade eta Hiriburuko Alain Iriart auzapezak, Aturri-Errobi herri elkargoko hautetsiak. RFFk (Frantziako Trenbide Sarea) aurkeztu duen egitasmoaren kontra eta dagoen trenbidea berritzearen alde agertu ziren. Abiadura handiko trenak berriro ere gaurkotasuna hartu du finantzabideak onartu diren garai honetan. Hautetsiek sutsuki eskatu zuten beraiei ordaintzeko eskatzen dieten proiektuari buruzko informazioa: «Ez dut onartzen egitasmoa finantzatzea zer den jakin gabe» esan zuen Hiriburuko Alain Iriartek.

Kontseilu Orokorreko hautetsi ere baden Iriartek nabarmendu zuen, joan den astean bozkatu ziren aurrekontuetan 52 kontseilarien artean AHT berriaren egitasmoaren kontra bozkatu zuen bakarra bera izan zela. «Ez da erraza hautetsien artean kontra bozkatzen duen bakarra izatea, baina aldi berean Hautetsien Kontseiluaren azken bilkuran ikusi ahal izan genuen beste politikari handi batzuek ere guk pausatzen ditugun galdera berak dituztela».

Egitasmo handi honen finantzaketak erakunde txikiei dakarzkien arazoak direla-eta, Aturri-Errobiko hautetsiek ikusi dute beraien kezkak zabaltzen ari direla, eta horregatik, beste hautetsiei ere eskatu diete egitasmoari buruz dituzten zalantzak beren ondoan agertzeko.

Zalantzak izanik ere, kontratuak sinatzen ari dira. Kontseilu Orokorraren esku den kontratuari dagokionez Iriartek azpimarratu zuen Euskal Herriko hautetsiak Gironda aldean egiten ari den trenbidea ordaintzen ari direla. Horren aurrean Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak elkarrekikotasuna eskatu du, baina eskaera horri erantzuten dion artikulurik ez da agertzen kontratuan. Beraz hemengo trenbide tartea egiteko momentuan Girondako erakundeek ez dute zertan bere partea ordaindu beharko.

RFFk zabaldu egitasmoaren txostenean adierazitako kopuru eta zifren tronpaketa dela-eta, entitatearen kontrako mesfidantza hedatuz doela nabarmendu zuten hautetsiek.

Lau puntutako deklarazioa

Herri elkargoaren partaideek lau puntutan laburbildu zuten beren jarrera. Alde batetik, egun dagoen trenbidearen erabilera egokia eskatzen dute, eta horrek egun eta etorkizuneko eskaerei erantzun ahal izango liokeela azpimarratu zuten. Merkantzien garraioari dagokionez, baliabide guztiak erabilita eta trenbidea berriztatuz eta egokituz, garraioa bost aldiz areagotuko litzatekeela jakinarazi zuten. Argudio horiei heldurik, beraien barrutiak barne hartzen dituen Aturri eta Errobi ibaietatik Hendaiaraino joango litzatekeen linea berriaren kontra agertu ziren.

Bestalde RFFi egitasmoari buruzko informazioa zabaltzeko eskatu zieten. Horrekin batera egun dagoen informazio eskasa ere salatu zuten, azken bi urteetan ez dutelako inolako berririk jaso. Aturri-Errobiko alkateek ohartarazi zuten Euskal Herriko erakundeei eskatzen dietela dirua aurreratzeko zertarako erabiliko den azaldu gabe. «Azkenean funtsa da, zein trenbide nahi dute eta zer garraiatzeko? Guri ez digute informazio hori eman» adierazi zuen Iriartek. Gaineratu ere egin zuen finantzaketaren gaia baliatzen ari direla proiektuaren funts eza estaltzeko.

Bertako erakundeen finantzaketaren kontra ere agertu ziren Aturri-Errobiko auzapezak, horrelako proiektu handiek beraien politikak urte askotarako hipotekatuko lituzkeela azalduz. Diru ezarketari dagokionez bertako erakunde txikiei Estatuari bezain besteko finantzaketa eskatzen ari zaiela salatu zuten herri elkargoko ordezkariek. Izan ere egitasmoaren aurrekontuaren %25 eskatzen zaie parez pare.

Aldi berean, europar azpiegitura moduan definitua den trenbide berri horren %0,21 besterik ez luke ordainduko Europar Batasunak.

zalantzak ugaritu

Aturri-Errobiko auzapezek beraien kezkak beste politikarien artean ere zabaltzen ari direla ikusi dute, horregatik dauzkaten zalantza guztiak agertzeko eskatu diete beste hautetsiei.

Ordainketa

Girondan egiten ari diren trenbidea ordaintzeko Euskal Herriko erakundeek diru ekarpenak egin behar dituzte, baina elkarrekikotasuna onartzen duen artikulurik ez da agertzen aipatutako kontratuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo