GARA > Idatzia > > Mundua

Indar Armatuen buruzagitza osoa aldatu du Guatemalako presidenteak

Guatemalako presidente Alvaro Colomek Defentsa ministroa kargutik kendu eta militarren buruzagitza erabat berritu zuen. Aldaketa horiek Indar Armatuak «berrindartzeko» egin dituela adierazi zuen. Desobedientziarik edo altxamendurik egon izana ukatu zuen.

p027_f01_097x136.jpg

GARA |

Alvaro Colom presidenteak Indar Armatuen buruzagitza goitik behera berritu du. Erabakiak harridura sortu zuen, inork ez baitzuen halakorik espero. Lehendakaritzaren egoitzan egin zuen ezohiko agerraldian, eraberritzea «beharrezkoa» dela nabarmendu zuen. «Armadaren komandante jenerala izanik hartu dut erabakia, beharrezkoa dela deritzot-eta», plazaratu zuen. Eraberritze egitasmo horretan, atzora arte Defentsa ministro lanetan jardun zuen Marco Tulio Garcia Franco kargutik kendu zuen. Hemendik aurrera, Abraham Valenzuela jeneralak ordezkatuko du hura.

Ardurak aldatzearen helburua Indar Armatuak «berrindartzea, garatzea eta bateratzea» da. Militarren artean nolabaiteko altxamendurik edo desobedientziarik egon izan ukatu zuen. «Ez da halakorik gertatu. Iragarritakoak ez du esan nahi horrelako arazorik dagoenik», eman zuen aditzera.

«Guatemalako Indar Armatuak erakunde apolitikoak dira. Esanikoa betetzen dute, alegia, ez dute hausnarketarik egiten. Eta, botere zibilaren menpe daude. Militarrek ez dute menpekotasun hori zalantzan jarri», helarazi zuen Colomek.

1996an gerrillarekin sinaturiko bake hitzarmenak agindu bezala, Armadak «modernizazio prozesua»rekin jarraituko duela gaineratu zuen. Akordio horrek 36 urtetako gudari amaiera eman zion. 2008ko urtarrilean boterea hartu zuenetik, Colomek lehen aldiz eraberritu du Indar Armatuen buruzagitza osoa. Garcia Franco ministro ohia eta gainontzeko militarrak erreserbara pasako dira.

Bestalde, Colomek «ahalik eta epe motzenean» Kubara bisita ofiziala egiteko asmoa duela iragarri zuen. Herrialde horrekin harremanak sakondu nahi ditu.

Brasilen izan berri den Latinoamerikako eta Karibeko gailurrean, Guatemalaren integrazioa bultzatuko duela esan zuen. Testuinguru horretan kokatzen da, hain zuzen ere, Kubara egingo duen bidaia.

espioitza kasua

Alvaro Colom zelatatzea leporatu zioten funtzionarioak bere burua aurkeztu zuen epaitegian, ihesean hiru hilabete eman ondoren. Irailean, bulegoan eta etxean espiatzeko tresneria topatu zuela salatu zuen Colomek.

ezustekoa

Guatemalako presidenteak ezohiko agerraldia egin zuen ustekabeko aldaketa iragartzeko. Agintean denetik, lehen aldiz egin du aldaketa bat Indar Armatuen buruzagitzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo