The Sparteensen Gabonetako kanta, «Zu atrapatu arte» estilo lasaian eta ahots goxoarekin
«Grandes éxitos del ayer» bildumako hirugarren alea kaleratu du The Sparteens taldeak. Kortaturen «Zu atrapatu arte» kantua izango da aurtengo Eguberriko kantu lasaia, euskaraz egiten duten lehena.
Idoia ERASO | HENDAIA
Hilero disko berri bat eta aldiro sorpresa bat eskaintzen du The Sparteens talde hendaiarrak. Oraingoan, slow edo estilo lasaian moldatu dute Kortatu taldeak 1980ko hamarkadan atera zuen «Zu atrapatu arte» kantu rockeroa. Maribel de Iriarteren (Marieder Iriarte) ahots goxoak «burges madarikatuari» hitz eginez opa du talde ye-yeak urte berri on eta zoriontsua izatea.
«Gabonek slowarekin errimatzen dute. Egia da oraingoan abestiaren hitzetatik musikaren estilora alde handia dagoela. Maribelen ahots leuna entzunez atrapatua izateko gogoa ematen du», esan zuen Iban Rusiñolek, hobeto esanda -bere benetako izena erabiltzea eskatu digunez-, Douglas Nightingalek.
Horrelako nahasketak egitea alderdi errebeldetik datorkiela aitortu zuen Nightingalek: «Ikastolan, bertso eskolan geundenean maisuak esaten zigun musikak hitzekin bat egin behar zuela, ezin zirela hitz alaiak musika tristearekin ezarri, eta guk horri kontra egiteko egin dugu kantu hau».
Ez da, hala ere, horrelako kontrastea erabiltzen duten lehen aldia, izan ere, hori da taldearen berezitasunetako bat. Lehen diskoan La Polla Recordsen «Txus» kantu punkya ye-ye estiloan kantatu baitzuten, eta hori bera egin zuten Berurier Noir taldearen «Vive le feu»rekin.
Gabonak
60ko urteetako ispirituarekin heldu dira Gabonetan ere Hendaiako taldekideak, horregatik Olentzerori «Munduan dagoen gosea buka dadila eta munduan bakea izatea» eskatu diotela jakinarazi zuen taldeko musikariak. Datozen egunotarako honakoa opatu digu Nightingalek: «familia artean eta tximinia aurrean girlatxeak jaten Gabon zoriontsuak pasatzea, hemen ez daudenak oroitzen ditugun bitartean». Olentzerori, «goatekeetako giroa berreskuratzeko» desioa eskatu diote Sparteensekoek. Ikazkinaren lana errazteko lanari ekin diote taldekideek, zenbait gala eskainiz han-hemenka. Zeren eta The Sparteensek ez ditu kontzertuak soilik eskaintzen, benetako festak antolatzen ditu. Honela azaldu zuen taldekideak: «Oztibarren gaztetxearen urteurrenerako egin genuen agerraldian dantzariak eta aurkezlea ere izan genituen, denak 1960ko hamarkadako jantziekin agertu ginen».
Datorren larunbatean, hilaren 27an, Baionako Zirimolan Surfeurs Solidaires taldeak antolatu duen gaualdian ere parte hartuko dute, beste «bitxikeria» batzuekin batera. «Lagunen arteko delirioa da, hasieran oso pentsatua zegoen dena. Maiatzera arte kontzerturik ez ematea pentsatu genuen, baina eskaerei erantzun behar izan diegu». Ematen dituzten kontzertuetan ere ikusleen nahiei erantzutea dute helburu, «guk ez ditugu bis faltsuak nahi, jendeak nahi duena soilik».
«Jendeak idatzi digu esanez gure ideia oso originala iruditzen zaiela», adierazi zuen Douglas Nightingalek. Bereziak bai, baina bakarrak ez direla ere deskubritu dute Sparteensekoek: «Bereziki pozik gaude jakin dugulako Iruñean gu bezalako komunitatea dagoela, 1960ko hamarkadako talde anitz dago».
Los Karatekas eta Cantabrics Recordsen inguruan halako giroa sortu da, nahiz eta beraiek soul eta surf estiloan aritzen diren gehiago. «Nahi gabe modaren parte gara, askotan modak komertzialki sortzen dira, baina batzuetan, bat-batean ere sortzen dira» azaldu zuen musikariak.