GARA > Idatzia > > Ekonomia

Langile bizkaitar bat hil da Elgorriagako bainuetxeko lanetan izandako istripuan

Elgorriagako bainuetxeko obretan lanean zebilen 51 urteko M.M.V. langilea zazpi metroko altueratik jausi zen. Bestalde, larunbatean Bilbon gertatutako lan-istripua salatzeko mobilizazioak egin zituzten atzo. Gutxienez 106 dira aurten Euskal Herrian bizia galdu duten langileak.
p031_f01_148x108.jpg

GARA |

Elgorriagako bainuetxean lanean zebilen 51 urteko M.M.V. langileak bizia galdu zuen atzo zazpi metroko altueratik jaustean.

Nafarroako Gobernuak prentsa ohar baten bidez aditzera eman zuenez, SOS-Nafarroak 10.00 aldera jaso zuen abisua. Ezbeharra gertatu zen tokira bertako medikua eta erizain bat bidali zituen, eta bi anbulantzia.

Bertaratutako osagileak Galdakaoko langilea suspertzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten haren bizia salbatzeko ezer egin. Iturri berberek aipatu zutenez, Foru Poliziak lan-istripuaren arrazoiak aztertzeko ardura hartu zuen.

Hala, lehen ikerketen ostean adierazi zutenez, Antonio Carvajal y Otros enpresako hiru langile bainuetxeko teilatuan ari ziren lanean, baina xafletako batek ez zion pisuari eutsi eta zazpi metroko altueratik erori egin zen, berarekin batera langilea lurrera eramanez.

Atzoko heriotzarekin, gutxienez 106 dira 2008an Euskal Herrian bizia galdu duten langileak (Araban, 18; Bizkaian, 39; Gipuzkoan, 26; Ipar Euskal Herrian, 5; eta Nafarroan, 18).

LABek, ELAk eta ezker abertzaleak atzoko langilearen heriotza salatu eta larunbatean Bilbon bizia galdu zuen E.L.L. gizonarena gogorarazi zuten. Bizkaiko hiriburuko FCC enpresako 44 urteko gizonak makina batek zapalduta galdu zuen bizia.

LABen iritziz, larunbateko lan-istripua «segurtasun gailu egokirik gabeko makineriarekin lan egiten delako, segurtasun neurrien faltagatik eta makineria berrikusteko arau egokirik ez dagoelako» gertatu zen. Halaber, Bilboko zortzi langilek bizia galdu dutela gogorarazi, baina Udalak «beste alde batera begiratzen duela» salatu zuen sindikatuak.

ELAk, aldiz, Lakuako Gobernuak ipinitako neurriek «ez dutela funtzionatzen» azpimarratu zuen. «Ez dago benetako borondate politikorik egoera hobetzeko eta patronalaren aurrean jartzeko. Erantzukizuna bere gain hartu behar dute», gehitu zuen.

Osoko Bilkurara

Ezker abertzaleak larunbateko langilearen heriotzaren salaketa Osoko Bilkurara eramango duela aipatu zuen, besteak beste, FCC enpresako zuzendaritzari lan-istripuaren informazio guztia emateko eskatzeko. Udalaren zeregina izanda, talde abertzalearen ustez, «bai Azkunak, bai EAJk eta EBk langilearen heriotzan erantzukizun handia dute».

MOBILIZAZIOAK

FCCko langileen batzarrak hiru orduko lan geldialdia eta enpresaren aurrean kontzentrazioa egin zuen atzo larunbateko lan-istripua salatzeko. ELA eta LAB sindikatuek parte hartu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo