Gizon-proba Taldekakoa
Ikusmin handia piztu du Zumarragako saioak
J.L. | DONOSTIA
Bakarkako gizon-proba beherantz zihoanean, taldekakoa sortu da, eta gero eta indar handiagoa ari da hartzen. Datorren iganderako, Zumarragan lau talde izango dira aurrez aurre, eta sekulako ikusmina piztu da.
Zumarraga, Urretxu, Ezkio-Itsaso eta Legazpi neurtuko dira igandean, 11.30etik aurrera. Euren artean oso gertuan dauden lau herri, beraz. Talde bakoitzak hamabi lagun izango ditu, eta ezin izango du 1.000 kilotik pasatu. Erabili beharko duten harria, berriz, 1.700 kilotakoa izango da.
Lau talde hauen arteko dema handia izan daiteke, eta edonork irabaz dezake. Hasieran, Urretxu eta Zumarragaren arteko demarekin abiatu ziren, baina ordutik taldeak gehitu egin dira, eta aurten lau izango dira. Gipuzkoako beste inguru batzuetan ere taldeak sortzen ari dira, eta badirudi gizon-probaren etorkizuna hor egon daitekeela, bakarkakoak aspaldian behera egin baitu. Txapelketa ofizialetan, gainera, aspaldian ez da gipuzkoarrik izan.