GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Larretxea eta Atutxa finalerdietan izateko moduan dira

Nazabalek eta Mugertza II.ak ere irabazi egin dute beren norgehiagoka, eta oraindik sailkatzea lortu ez badute ere, aukera handiak dituzte.

p042_f01_97x160.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Donato Larretxeak eta Aitzol Atutxak lortu zuten atzo Arrasaten Urrezko Aizkorako finalerdietan izateko txartela. Jokatutako bi saioak irabazi dituzte, eta baten faltan sailkatuta geratu dira. Hori bai, oraindik lehen postua izango dute lehian azkeneko jardunaldian

Norgehiagoka garrantzitsua zuten atzo Arrasaten Arriaren eta Rekondoren aurka. Hauek ere aurreko jardunaldia irabazita zuten, eta gailendu izan balute, orain Larretxearen eta Atutxaren egoeran egongo ziren.

Errezildarrak eta leitzarrak bikain eman zieten hasiera atzoko neurketari, eta lehenengo bi lanetan aitzinetik jarri ziren. Kolpeka 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren hasteko, eta hor Arriak eta Rekondok irabazi zuten. 38tan bota zuten, eta lauren aldea kendu zieten aurkariei.

Bigarrengoan, 60 ontzakoa zutik moztu behar zuten, eta berriro ere errezildarra eta leitzarra aurretik izan ziren. 2.22 izan zen beraien denbora eta 2.45 Larretxearena eta Atutxarena. Hortik aurrerakoetan, ordea, hauek irabazi zuten. Erlojuz kontrako lana, 1.39n bota zuten, eta 1.50en Arriak eta Rekondok. Bi 45 ontzakoak, bata zutik eta bestea etzana, 1.44n amaitu zituzten, eta 13 segundo kendu zizkieten aurkariei. Lan luzea, berriz, 9.53n amaitu zuten, eta 11.12n aurkariek. Lan guztiak 21 minutu eta 18 segundotan amaitu zituzten Larretxeak eta Atutxak, eta 23.02 izan zen Arriaren eta Rekondoren denbora.

Larunbatean, berriz, Nazabalek eta Mugertza II.ak Olasagasti eta Txapartegi menderatu zituzten. Kolpekakoan, Etxarrikoak eta Mutrikukoak 39 segundotan bota zuten enborra, baten aldea kenduz. Zutikakoa, 3.15en amaitu zuten, eta beste hiru segundo atera zizkieten aurkariei. Erlojuz kontrakoan, berriz, berdinketa izan zen, biko bakoitzak 1.45en amaitu zituen-eta lanak.

Zutik eta etzandako lan mistoan ere Nazabal eta Mugertza izan ziren gailendu zirenak. 2.20 izan zen beren denbora eta 2.55 Aizarnakoarena eta Igeldokoarena. Bi 60 ontzakoekin ere faboritoak irabazle. 4.33 izan zen beren denbora eta 5.09 aurkariena. Lan luzea, 10.15en amaitu zuten, eta beste lau segundo sartu zizkieten aurkariei.

Guztira, 22 minutu eta 47 segundotan amaitu zituzten lanak Nazabalek eta Mugertzak, eta 24 minutu eta 6 segundotan Olasagastik eta Txapartegik.

Gazteak, gogor

Urrezko Aizkorako saio hauetan, gazteek aukera asko dituzte eta lan bikaina ari dira egiten. Larunbateko saioan, Mugertza gaztea bikain moldatu zen gazteen tartean, eta atzo Arrasateko hirurek ere lan ona egin zuten.

Ezusterik ez

Orain arte jokatu diren saioetan ez da ezusterik izan, eta faborito guztiek irabazi egin dute. Iazko txapeldunak, gainera, finalerdietan dira, eta garbi dago aurten ere faborito nagusiak direla.

Oraindik beste hiru biko falta dira sailkatzeko

Larretxea eta Atutxa sailkatuta daude, baina beste hiru biko falta dira gauza bera egiteko. A multzoan bat falta da finalerdietarako txartela lortzeko, eta dauden beste hiruretatik, edozeinek lor dezake sailkatzea, hirurek baitituzte aukerak. Bi norgehiagoka irabazten dituenak lortuko du hori.

Bigarren multzoan, hiru bikote daude, eta Nazabalek eta Mugertzak urrats bat eman dute, baina gerta daiteke hiru bikoteek saio bana irabaztea, eta orduan denborei begira erabaki beharko da. J. l.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo