Jorge Oteizaren omenez, beraren itxura eta ezaugarriak hartu dituen Olentzero ibiliko da Irunen
Hamazazpi urtetan bizilagun izan zuen Jorge Oteiza artistaren ohorez, Irungo herria Olentzero berezi batek hartuko du Gabon gauean; Belbio baserriko familiak egin nahi izan dion omenaldia da.
GARA | IRUN
Hamar urtez Irungo Belbio baserrian Gabon kantak prestatzen eta Olentzeroren irudiari hainbat itxura aldaketa egiten ibili izan dira bertan bildutako lagunak. Honakoan, ordea, bereziagoa egin nahi izan dute eta hala, «bere buruari pizti mugalari eta borondatezko irundar» deitzen zion Oteizaren itxura duen ikazkina osatu dute.
Irudiak duen elementu bereizgarrienetakoa bufanda gorria da, artistaren sinbolo nagusi bihurtua. Ezkerreko eskuan duen makilak -bere emazte Itziarrena- eta Oteizaren diseinua duen pipak euskal kulturaren bi ikurren arteko lotura ere agertzen dute. Olentzerok berezko duen baso inguruan jarri dute Oteizaren ezaugarriak bere egin dituen irudia. Gainera, poliedro baten gainean irudikatu dute, Agiñan. Asteazkenean hirira jaitsi, eta kaleetan ibiliko dira. Irudiaz gain, Oteizari erreferentzia egiten dioten bertsoak izango dituzte lagun kalejiran.
Euskal Herriko ikazkinaren bitartez Oteizaren irudia gogora ekartzeko proiektua dela baieztatu dute, eta azaldu euren asmoa ez dela soilik gaurkotasuna duen pertsonaia Olentzero itxuran irudikatzea.
Egitasmo honen egileek gaineratu dute artista oriotarrari egin dakiokeen omenaldirik onena, «bera irakurri, ulertu eta berak egin bezala, nortasun berri baten alde lan egitea» dela.