GARA > Idatzia > > Kultura

Serantes kultur areto berrituak 2009ko lehen seihilekoko programazioa aurkeztu du

Santurtziko Serantes kultur aretoak datorren 2009rako antzezlanak, musika emanaldiak, dantza saioak eta pelikulak antolatu ditu. Gainera, euskarak bere esparru propioa izango du.

Ianire RENOBALES | SANTURTZI

Serantes kultur aretoak 2009ko lehen seihilekoko programazioa aurkeztu zuen atzo Santurtzin. Orotara, hogeita bederatzi ikuskizun izango dira, eta hiru euskaraz emango dira. Egitaraua antzezlanek, musika emanaldiek eta dantza saioek osatzen dute, pelikulez gain.

Artea agertoki gainean

Urteko lehen seihilekorako hitzartutako antzezlanen zikloa urtarrilaren 4an hasi eta maiatzaren 23an bukatuko da. Umeentzako edo familia osoarentzako hamaika obra antzeztuko dira guztira. Gehienak gaztelaniaz eskainiko dira: «Arte», «Comida para peces», «El enfermo imaginario», «El gato con botas», «La exacta superficie del roble», «Opus 124» eta «Dos menos». Horrela, Luis Merlo, Iñaki Miramon, Paco Moran, Hector Alterio edo Jose Sacristan artistak, besteak beste, bisitatuko dute Santurtziko zinema aretoa. Bestalde, euskaraz beste hiru antzezlan eskainiko dira: «Nora zoaz Txanogorritxu? (urtarrilaren 4an, Deabru Beltzak taldearen eskutik), «Baserriko saltsa» (urtarrilaren 25ean) eta «Cyrano» (otsailaren 22an).

Musika emanaldiei dagokienez, lau antolatu dituzte urtarrilaren 3tik maiatzaren 30era bitartean. Bi musikal eskainiko dira: «Fantasia de Navidad» (urtarrilaren 3an eta Santurtziko Musika Bandaren eta Encrucijada Antzerki taldearen eskutik) eta «El rey del merengue» (maiatzaren 30ean, Encrucijada Antzerki taldearen eskutik hori ere). Gainera, fado kontzertu bat izango da otsailaren 6an «Cosas de fados» izenpean eta, martxoaren 6an, Johann Strauss II.aren «El Murcielago» opereta.

Dantzaldiek ere izango dute lekua bat Santurtzi Serantes Kultur Aretoan. Urtarrilaren 23a eta apirilaren 25a bitartean, sei ikuskizun antolatu dira. Lehena «De cabeza», dantza garaikidea eta flamenkoa nahasten dituen emanaldia, izango da urtarrilaren 23an. Ondoren, «Visto lo visto» dantza garaikidea eskainiko da otsailaren 8an. Runba eta reggaetoia nagusi izango dira martxoaren 14an, «Habana runba» ikuskizunarekin. Martxoaren 27an flamenkoa bueltatuko da agertoki santurtziarrera «Ti me ta ble» saioarekin. Apirilaren 5ean «Pequeños paraisos» dantza garaikideko emanaldia izango da eta, amaitzeko, apirilaren 25ean «Giselle» Kubatik datorren ballet klasikoa.

Bukatzeko, Zine Kluba ekimenaren barnean beste hamaika pelikula eskainiko dira gaztelaniaz. Besteak beste, «Al otro lado», «This is England», «Los limoneros» «Che el argentino», «Mil años de oración» eta «La clase».

3 SAIO EUSKARAZ

Santurtziko Kultur Aretoak euskararen aldeko apustua egiten du eta, gauzak horrela, hiru antzezlan programatu ditu euskaraz: «»Nora zoaz Txanogorritxu?», «Baserriko saltsa» eta «Cyrano».

Fitxa

Lekua: Santurtziko Serantes kultur aretoa.

Data: 2009ko lehen seihilekoan.

Egitaraua: Antzezlanak, musika kontzertuak, dantzaldiak eta filmak.

Sarrerak: Zine kluba, 2 euro pelikula bakoitzeko; antzezlanak, kontzertuak eta dantzaldiak 10 eta 15 euro bitartean, operetak 18 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo