GARA > Idatzia > > Kultura

Montxo Armendariz zinemagileak jasoko du Manuel Lekuona saria

GARA| BILBO

Eusko Ikaskuntzak, euskal kulturaren munduko pertsonaien artean, beraien lanaren osotasuna aintzat hartuta, 1983 urtetik banatzen duen saria, hots, Manuel Lekuona Saria, aurten Montxo Armendariz zinemagile nafarrari eskaintzea erabaki du.

Oletan jaioa 1949an, Montxo Armendarizek elektronika ikasi zuen Iruñea eta Bartzelonan. «Barregarriaren dantza» film laburra izan zen bere lehen lana eta hasieratik bi sari lortu zituen Zinebi Bilboko Nazioarteko Zine Dokumental eta Film Laburren Lehiaketan.

Halaber, «Ikuska» sailaren baitan, Armendarizek Nafarroako Erriberako 11. zenbakia zuzendu zuen. Anastasio Ochoa protagonistaren biografiaren bitartez osatu zuen Armendarizek bere lehenengo film luzeko gidoia, «Tasio» (1984), Elias Querejetak babestu zuen produkzioa.

1986an Donostiako Zinemaldiko Zilarrezko Maskorra lortu zuen «27 ordu» lanarekin, drogamenpekotasunean dauden gazteen bizimoduaren bidez azaltzen zuen denbora ardatz duen istorioa. «Las cartas de Alou» (1990) bere hurrengo lanak, Gidoi Originalenari emandako Goya sariaz eta Donostiako Urrezko Maskorraz gain, Euskal Herritik kanpo ere lortu zituen sariak.

Arrakasta

Gazte nihilismoaren inguruko alegatu zorrotza den «Historias del Kronen» (1995) filmarekin berarentzat takilako arrakasta handiena izan dena lortu zuen, baita kritika onarpena ere, bere bigarren Goya eman baitzioten gidoigile gisa egindako lanagatik.

«Secretos del corazon» filmarekin, 1997ko Berlingo Jaialdiko Europar Film Onenaren Saria lortu zuen eta Oscarretara Atzerriko Film Onenerako hautagai izan zen. Azkeneko lanei dagokionez, «Escenario movil» dokumentalaren ondoren, 2005ean, Bernardo Atxagaren literatur mundua egokitu zuen «Obaba» filman.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo