GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Ehun kupulako hiria omen da

Bainu-bata soinean duzula irudikatzea atsegin dut. Dutxatik atera berria, ile hezea buruan, eta azaleko zulo txikienak perfume leun batez bilduta dituzula etzaten zara ohe gainean. Telebista piztu dugu, baina ez dago gustuko ezer; orain hogei urte egindako film txekiarrak siestarako gogoa besterik ez du pizten. Kanpoan eguzkia da nagusi; irribarre polita eskaintzen du eta boterez sartzen da beira potoloak zeharkatuta aurpegia berotzera heltzeraino. Leihotik begiratu eta Europako bihotzaren taupadapean piztu dut aitzineko zigarroa. Ehun kupulako hiria ei da Praga, urre-kolorekoa. Hotz dago kanpoan.

Erosketak gainean daramatzaten emakume andana dabil kalean. Nanoak izango balira bezala ikusten dira hoteleko hamabigarren solairuan dagoen behatokitik. Hiria hankapean dagoela dirudi; geldirik, baina mugimendu jarraian. Autoen joan-etorri eroak are erakargarriago egiten du ingurua. Berezia da oso. Zigarreta itzaltzeko hautsontzirik ez eta komuneko iturria irekita ito ditut azken ke arrastoak.

Ohe gainean mapa ugari utzi genituen. Berandu iritsi ginen eta jasotzeko betarik ez genuen izan. Ez zaitut esnatu nahi; ederra da aurrean daukadan irudia.

Esnatzean pentsatuko dugu hemendik nora joan. Paris, Erroma, Florentzia, Istanbul, New York, San Frantzisko, Zeelanda Berria, Brusela... Ehunka leku ikusteke, eta beren edertasunaz liluratuta geratzeke. Zain daude denak.

Aurretik, baina, Santorinirako hegazkin txartelak erosiko ditut. Interneten begiratu behar izan dut non dagoen. Toki paregabea dirudi. Jogurta goxoa egongo da, bederen.

Esnatu zara, eta belarri ondoan emandako musuek are eztiago sortu dute egun berria. Donostiarako autobusa hartu beharrean naiz gau osoa bidaia artean igaro ondoan. Lanerako gauzak prestatu eta banoa kalera.

Oraingoz urrun geratzen zaizkit Santorini eta Praga, baita Istanbul eta New York ere, baina ez diot laino artean egoteari uko egingo, bertan irudikatzen zaitut-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo