Helen Groome Geografoa
Haizearekin askatasunaren bila
«Zu bakarrik bazaude, ezin izango zara luzerako aske sentitu», esan zidan haizeak. «Zure askatasuna gizakien askatasunarekin lotuta dagoenez, elkartasuna, maitasuna eta erantzukizuna eskaini eta jaso beharko zenituzke»
Haizetxo batek nire masaila laztantzen zuen eta «etorri nirekin adiskide» entzuten nuen behin eta berriro. Esnatu nintzenean, nik haizeari nire arima eraman zezan utzi nion. Haizea eta biok, denbora luzez egon ginen elkarrekin. Landan zehar, belardietan barna, belar finen marmarra entzuten eta haizeak belar altuei eginarazten zizkion tankerak eta uhinak ikusten. Haizeak, inoiz ikusi ez nituen milioi bat forma, kolore eta egitura aurrean jarri zizkidan, nire gozamenerako.
Zuhaizti batera sartu eta zuhaitzen azken hostoekin jolastu ginen, enbor artetik jirabiratuz eta enborren goroldioak eta likenak ferekatuz. Nahiz eta zuhaitzek haiekin gelditzeko xuxurlatzen ziguten, haizeak laster eraman ninduen mendietarantz, gizakiak gutxi eraso dien lekuetara. Ur-jauzien zilarrezko burbuiletatik zeharkatu genuen, kobazuloen arnas hotzarekin nahastu ginen eta harkaitz zorrotzen artetik lasterketan ibili ginen.
Nekatu gabe, haizearekin itsasorantz joan nintzen, haize-lasterrak babestuta. Itsasoaren uhinak elkar jotzen ikusi genituen, elkartzen eta banatzen etengabeko dantza batean. Uraren berde eta urdin ezezagunen gainean joan ginen, ur azpiko arrainen soslaiarekin batera.
Han, itsasoaren lautada zabalean, haizearen barre basatiarekin batera, lotzen ninduen inolako katerik ez zegoela konturatu nintzen. Botereek ez zuten nigan inolako ahalmenik; ez nire sentimenduak ezkutatzeko, ezta nire sentimenduak baldintzatzeko ere. Askatasunarekin elkartu ginenean, ni, haizearekin batera, barre egiten hasi nintzen, aske nintzelako.
Txundituta geratu nintzen gero, haizeak, emeki, «goazen, adiskide, ezin duzu luzeegi hemen egon» esan zidanean. «Baina hemen nire askatasuna aurkitu dut, zurekin hemen geratu nahi dut», erregutu nion. «Goazen lurrerantz, adiskide», xuxurlatu zidan haizeak berriro. «Hemen askatasunaren erdia besterik ez duzu aurkituko. Zu bakarrik bazaude, ezin izango zara luzerako aske sentitu. Zure askatasuna gizakien askatasunarekin lotuta dagoenez, elkartasuna, maitasuna eta erantzukizuna eskaini eta jaso beharko zenituzke».
Haizea eta biok lurrerantz gindoazela, gero eta astunago sentitzen nintzen. Baina haizeak beste opari bat zeukan niretzat: nire pentsamendu beltzak berari fidatzera eta hauek airean uztera gonbidatu ninduen. Lurrera hurbildu bitartean asaskatu nintzen dena kontatuz: pobrezia, gutizia, indarkeria, kutsadura, abusuak, menpekotasuna... nire burutik askatu nituen egunero eta leku guztietan eraitsi eta zapaltzen gaituzten ankerkeria guztiak.
Zuhaitzetatik erortzen diren hostoen moduan, haizeak lurrean leunki utzi ninduen eta erabat lo geratu nintzen. Urte berriarekin batera esnatu nintzen. Nire pentsamendu guztiak buruan zeuden, baina haizearen indarraz beteta nengoenez, jasangarriak ziren. Berriro askatasunaren bila joatea gogoan neukan, baina oraingoan adiskideekin.
Erabakia hartu bezain laster, haize bolada batek ondoan neuzkan zuhaitzak astindu zituen eta haizearen agurra entzun nuen, beste arima bati askatasuna aurkitzen laguntzera zihoala.