GARA > Idatzia > > Mundua

Gas merkearen garaia amaitzear dagoela ohartarazi du Putinek

Munduko krisi ekonomikoak petrolioari eta bereziki gasari kalte handia egingo diola nabarmendu zuen Vladimir Putin lehen ministro errusiarrak Herrialde Gas Esportatzaileen Foroan. Hala, «energia iturri eta gas merkeen garaia amaitzear» dagoela ohartarazi zuen.

p020_f01_199x116.jpg

GARA |

«Energia iturri merkeen garaia bere azken txanpara iristen ari da. Garai hori amaitzear dago», nabarmendu zuen atzo Vladimir Putinek, Herrialde Gas Esportatzaileen Foroak (Gas Exporting Countries Forum, ingelesez) Moskun egin duen bilkuran. Aljeria, Bolivia, Egipto, Ginea, Iran, Libia, Nigeria, Norvegia, Qatar, Errusia, Venezuela, Trinidad eta Tobagoko Energia ministroak bildu ditu gailur honek.

«Egungo krisi ekonomikoa erronka bereziki garrantzitsua bihurtu da petrolioaren nahiz gasaren alorretan. Abuztutik azarora bitartean, petrolioaren prezioa laurden bat jaitsi da, eta horrek nola ez, gasari eragiten dio zuzenean, bi produktuen merkatuak loturik baitaude», ohartarazi zuen Putin lehen ministro errusiarrak.

«Gasaren merkatua ez da gehiegi mugitzen. Horiek horrela, aurreikus dezakegu gasaren alorrean petrolioaren alorrean baino kalte gehiago egingo duela krisiak», gaineratu zuen.

Testuinguru korapilatsuan egin ditu Putinek adierazpenok. Ukraniak Gazpromekin duen zorra ordaintzen ez badu gas hornidura eten egingo du enpresak. Munduko gas ekoizle garrantzitsuenetarikoa da Errusia.

Europar Batasunak kontsumitzen duen gasaren laurdena Gazpromek kudeatzen du, eta Ukraniatik igarotzen da Europar Batasunera bidalitako gas gehiena.

«Herrialde Gas Esportatzaileen Foroak erakunde iraunkorra izan behar du, egoitza eta estatutu finkoekin. Ekoizleen nahiz esportatzaileen interesen alde egin beharko du nazioartean», helarazi zuen Putinek.

«Bilkurak garrantzia estrategikoa du, krisi garaian, erantzun bateratua eman behar baitugu», adierazi zuen Venezuelako Energia ministro Rafael Ramirezek.

Putinek Foroaren egoitza San Petersburgon kokatzea proposatu zuen, «Europako eta munduko hiri ederrenetariko bat baita». «Badakit adituak hainbat aukera eztabaidatzen ari direla. Zuen erabakia errespetatuko dugu, gehiengoarekin bat eginik», esan zuen. Azkenean, egoitza Qatarren kokatzea erabaki zuten parte-hartzaileek.

erakunde berria

Herrialde Gas Esportatzaileen Foroan biltzen dira gas erreserbak dituzten edo gas ekoizleak diren herrialderik garrantzitsuenak. Aurrerantzean, nazioarteko erakunde gisa lan egingo du; egoitza finkoa eta estatutu zehatz batzuekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo