GARA > Idatzia > > Euskal Herria

EPPK saluda la vuelta a sus casas de cuatro presos enfermos

Azkenaldian larriki gaixo dauden lau preso politiko kaleratu izana «lorpen» gisa baloratu du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, «Kolektiboarena, herriarena». GARAri igorritako ohar batean, EPPK-k euskal errepresaliatuek jasaten duten espetxe politikako arduradunen jarrera «zitala» salatzen du, eta larri dauden presoentzat «espetxe arindua» delakoa onartzen du, «gure kideak aske eta bizirik nahi ditugulako». Mobilizaziora dei ere egiten du EPPK-k.

p012_f01_199x140.jpg

GARA |

Egunkari honi igorritako agiri batean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) lorpen moduan hartu du azken asteotan larriki gaixo dauden zenbait preso politiko kaleratu izana. «Kolektiboaren» eta «herriaren» lorpena, hain zuzen.

Agirian, EPPK-k gogora ekartzen du sei hilabete pasa direla «gaixorik larri diren preso kideen egoeraren salaketa» egin zuenetik azkenekoz. «Mikel Ibañez elgoibartarraren egoera gogorra izan genuen mintzagai orduan -zehazten du-. Berriki, Pello Sanchez Parisetik, Angel Figeroa Langraizetik eta Marilo Gorostiaga Logroñotik etxeratu dira, azken biak `espetxe arindua' aplikatuta, Ibañez bezala». Honekin batera, errepresaliatuen kolektiboak nabarmentzen du Mikel Gil Cervera iruinsemearen egoerak «astindu latza» eman diela, eta honakoa gaineratzen du: «Ohar honen bidez bagatoz berriz ere gure kide gaixoekiko krudelkeria irmoki salatzera eta guztien berehalako askatasuna aldarrikatzera».

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aburuz, «berez luze inposatzen duten espetxealdiari biziarteko zigorra gehitzeaz gain, gaixoekiko heriotza zigorra» aplikatzen ari dira espetxeetako politika zuzentzen dutenak, eta, ildo horretatik oroitarazten du «egoera latz eta mingarriak» ezagutu dituztela «bahiturik dituzten kideokin». Izan ere, agiriak adierazten duenez, «espetxe politika zital honen arduradunek temati segitzen» dute, «presoak suntsitu eta Kolektiboa zartatzeko ahaleginean, iritzi publikoari begirako lorpen politiko hitsak gidaturik». Edonola ere, ahalegin horiek guztiak «antzuak» direla nabarmentzen du EPPK-k. «Sufrimendua baliatzen dute, xantaia hutsa egiten, egurra eta gozokia erakusten. Beti antzu».

«Aske eta bizirik nahi ditugu»

Lehen aipatutako lau errepresaliatuei dagokionez, EPPK-k adierazten du «urte luzetako ukazioaren ondoren» kaleratzeko urratsa eman dutela espetxeetako arduradunek, «askatasuna `espetxe arindua'rekin mozorrotu badute ere». Edonola ere, emaitza onerako da: «Gaixo larri horiek etxean ditugula, osasun tratamendu egokia jaso eta duintasun minimoz bizitzeko egoera hobean».

Hala ere, EPPK-k «zentzuko urratsa izan beharko lukeenak, gibel asmoak dituela» ohartarazi du. «Kaleratzean ezarritako baldintza zorrotz salagarriak horren lekuko dira, etxean preso eta amore eman dezagun nahi dute eta», salatzen du.

«Gaixo larrientzat, `espetxe arindua' onartu du Kolektiboak, gure kideak aske eta bizirik nahi ditugulako», baieztatzen du, jarraian, EPPKren agiriak.

Preso hauen kaleratzea Kolektiboaren eta Euskal Herriaren lorpena dela adierazi ostean, eta azken oharrean egindako deialdia berretsiz, «bidegabekeria hauen aurrean oldartzen» jarraitzeko galdegiten du.

«Mobilizazio eta presioarekin etxeratuko ditugu beste guztiak, aske baldintzarik gabe!» iragartzen du, ildo honetan.

«kalera orain!»

Larri dauden zortzi preso berehala libre uzteko exijitzen du EPPK-k. Jon Agirre, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Bautista Barandalla, Mikel Gil, Juanjo Rego, Josu Uribeetxebarria, Jose Miguel Etxeandia eta Jose Ramon Foruria.

Mikel Ibañezen aldeko taldeak giza katea egingo du larunbatean

«Mikelen lagunak» izeneko Mikel Ibañez larriki gaixo dagoen preso politikoaren aldeko taldea aurkeztu zuten atzo Elgoibarren, bere herrian.

Ibañezi, nahiz eta gaixotasun larria izan, ez dio askatasuna onartu Baltasar Garzon epaileak, eta Madrileko eta Donostiako ospitaletan hainbat egun eman ostean, egun bere senide baten etxean dago, eta bertatik ospitalera joateko bakarrik atera daiteke, egun osoan ertzainen zaintzapean baitago.

Haren askatasuna aldarrikatzeko, giza katea egingo dute 27an, 13.00etan, Nafarroa plazatik. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo