GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal herritarren aurkako tortura kasuak salatzeko mozioa onartu dute Lezon

June Villarrubia lezoarraren atxiloketa eta tratu txarren ondorioz, tortura salatzeko bilkura berezira dei egin zuen alkateak eta, praktika hauek arbuiatzen dituen testua onartu dute udal taldeek.
p015_f02_148x104.jpg

Ruben PASCUAL |

Aldeko zortzi botorekin onartu zuten Lezoko udal taldeek Haritz Salaberria (ezker abertzalea) alkateak torturaren aurka aurkeztutako mozioa.

Ekimen hau, June Villarrubiaren atxiloketa eta tratu txarren salaketaren ondorioa dela azaldu zuen Salaberriak berak.

Onartutako testuaren bidez, Lezoko Udalak «irmoki» salatu zituen Villarrubia bizilagunak Guardia Zibilaren esku «jasan dituen tortura latzak», baita azken urte luzeetan izan diren «milaka tortura kasuak» ere.

Hori dela-eta, June Villarrubiari eta haren senitartekoei «elkartasuna eta babesa» adierazi zieten mozioaren bidez.

Udal Taldeak «argi agertu eta salatu» zuen «tortura kasu honen atzean dauden ardura guztiak». Ildo horretan, honakoak aipatu zituzten: «Tortura erabiltzen duten polizia indar espainolak, tortura agindu edota baimentzen duen Gobernu espainola, inpunitate osoa eskaintzen dion Justizia aparatua, eta tortura kasu hau isilarazten edo justifikatzen saiatu diren alderdi politiko zein komunikabideak ere bai».

Halaber salatu zuten tortura «helburu politikoekin» erabiltzen dela euskal independentismoaren aurka, eta «Euskal Herriko eskubideen ukazioa» iraunkor egiteko asmoa duela zehaztu zuten.

Hortaz, «marko demokratiko bat behar dela» aldarrikatu zuen Udalak, «tortura eta euskal herritarron eskubideen urraketa guztiak behingoz eta behin betirako amaitzeko».

Aldarrikatutako marko horrek «Euskal Herriaren eskubideak aitortu eta euskal herritar guztiok gure etorkizuna libreki eta aukera politiko guztien artean erabakitzea» ahalbidetuko lukeela argitu zuten jarraian.

Era berean, Lezoko Udalak onartutako testu horretan, nabarmendu zuten «euskal herritarrak torturatzen dituzten polizia indar espainolek» zein «inpunitatea bermatzen duen Justizia aparatu espainolak» ez dutela «inongo zilegitasunik».

Arrazoi hori tarteko, deia egin zieten eragile politiko, sozial zein sindikalei, torturari «babesik ez» emateko, eta horri amaiera emateko behingoz «jarrera argia eta beharrezko neurriak» har ditzaten.

Zazpi mila baino gehiago

Eztabaida eta bozketa baino lehen eginiko irakurketan, Lezoko ezker abertzaleak salatu zuen Estatu espainolak «etengabe eta sistematikoki» erabiltzen duela tortura eta, adibide gisara, aipatu zuten «1978tik aurrera, 7.000 herritarrek eta gehiagok» salatu izan dituztela tratu txarrak, «Guardia Zibilaren, Polizia Nazional Espainolaren edota Ertzaintzaren eskuetan jasandakoak».

Lezoko ezker abertzaleko Udal Taldearen ustez, «PSOEren Gobernuak torturaren erabilera gordintzea eta areagotzea erabaki du», helburu batekin: «Euskal independentismoa bortizki kolpatzea».

Egoera honi amaiera emateko, «tortura salatu eta babesgabetu» behar dela aldarrikatu dute alkateak eta zinegotziek.

Ez ziren agertu

Torturaren kontrako eta torturatuei babesa emateko udal mozioa zinegotzi abertzaleen bozarekin onartu zen, EAJko eta PSEko ordezkariak ez baitziren atzo arratsaldeko osoko bilkuran agertu.

GORDINTASUNA

Mozioan adierazten denez, June Villarrubia, eta berarekin atxiloturiko Arkaitz Landaberea, Julen Etxaniz eta Saioa Urbistazuk «jasan dituzten torturek, agerian utzi dute, berriro ere, gatazkaren gordintasuna».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo