GUTUNA
Uriaren senideek esker ona adierazi dute jasotako elkartasunagatik
20 egun bete ziren atzo, joan zen abenduaren 3an, Inazio Uria enpresari azpeitiarra ETAren atentatu baten ondorioz hil zenetik, eta bere alargunak eta seme-alabek gutun bat igorri zioten «euskal gizarteari». Bertan azaldu zutenaren arabera, «lehen egunetan ez genuen ezer esateko indarrik, une latz haietan beren babesa eta laguntza eman ziguten guztiei esker ona baino ez».
Komunikabideei igorritako gutunean, ETAri «honekin guztiarekin bukatzea» eskatu zioten; haien ustean, hori baita «Euskal Herria maite duten guztiei eman diezaiokezuen erantzunik onena». Zentzu horretan, Uriaren heriotza «azkena» izan dadila eskatu zuten haren senideek eta «bakoitzak bere interesak alde batera utzi eta guztiok batzeko» garaia dela adierazi.
Beste alde batetik, kezka agertu zuten hainbat euskaldunek ez dutelako izan «atentatua kondenatzeko ausardiarik». Horien artean «Azpeitiko alkatea eta bere zinegotziak» aipatu zituzten, eta esan zieten «larria» dela «alkate zaren herriko seme bat bi tiroz hil eta hori ez gaitzestea».
Era berean, «heriotza hau kondenatzen» ez dutenei dei egin zieten, ez dezaten «gure herriaren askatasunaren izenean justifikaezina justifikatzen jarraitu».