GARA > Idatzia > > Kultura

Urrezko Dominarekin omendu dute Mikel Laboaren urrezko ibilbidea

Pasa den azaroaren 11n erabaki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina Mikel Laboari eskaintzea. Abenduaren 1ean jakin genuen, ordea, euskal kantugintzako ikonorik maitatuenak betiko utzi gintuela. Aurretik ezarritako hitzordu hura omenaldi bero bat egiteko probestu zuten atzo. Laboa zenaren emazteak eta alabak jaso zuten Urrezko Domina Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eskutik.

p036_f01_199x108.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Mikel Laboa hil zen egunean elurra izan zen Arabako leku askotan». Hitz horiekin eman zion hasiera Bernardo Atxagak atzo Laboari eskainitako laudorioari, eta elur malutak izan zituen hizpide abeslari zendu berria gogora ekartzeko, «haren hitzak, haren kantak, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal, elur gainean txorien hankek utzi- tako arrastoak bezalaxe...». Luze hitz egin zuen Atxagak eta, batez ere, donostiarraren askatasuna nabarmendu zuen. «Aurre egin behar izan dio gizartearen presioari, (...) berriro pentsatu behar izan ditu tradizioaz jasotako espresa-moldeak, (...) baina askatasuna, halaber, sei, zazpi edo hamar minutu dirauten kantak egiteko noiz eta ia denak, hiru minutukoak diren garaian».

Jaime Otamendik gidatu zuen ekitaldia eta Laboaren emazte eta alabari hitz eginez esan zuen, «hegoak ebaki bazenizkiote, Mikel, ez zen Mikel Laboa izango eta guk Laboa dugu maite». Duela 23 egun azken arnasa eman zuen Laboak bizitzan zehar alboan izan dituen hainbat familiartekoez gain, lagun eta lankide andana bildu zen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan ospatutako omenaldira. Horien artean ziren Joxe Anjel Irigarai, Ruper Ordorika, Xabier Montoia, Josean Artze, Juan Carlos Perez, Antton Valverde, Jose Luis Zumeta, Andoni Egaña, Iñaki Murua, Anari, Jabier Muguruza, Oreka Tx eta Lisabo taldeak edota Mikel Markez. Instituzio ezberdinetako zenbait agintari ere presente egon ziren omenaldian, hala nola Foru Aldundiko Eneko Goia edota Iñaki Galdos, Donostiako Udaleko Ramon Etxezarreta eta Eusko Jaurlaritzako Miren Azkarate eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, besteak beste.

Atxagaren laudorioaren ostean, Iñaki Salvador eta Josetxo Silguerok emanaldi benetan hunkigarria eskaini zuten. Laboaren zenbait kanturi eta haren ahotsaren grabaziori musika jarri zieten zuzenean eta Jon Maia dantzariak aurresku moduko dantza berezi bat eskaini zien omenduaren familiartekoei. Segidan, aurreko aulkietan eserita malkoei eutsi ezinik zeuden Laboa zenaren alaba Agurtzanek eta emazte Marisol Bastidak, txalo artean, Urrezko Domina jaso zuten lehendakariaren eta diputatu nagusiaren eskutik.

Eskerrak, Mikelen izenean

Alaba alboan zuela hartu zuen hitza Marisolek, «ni izango naiz Mikelen izenean eskerrak emango dituena», eta bere senarra bizi zen artean «lagundu» zuten pertsonak gogora ekarri zituen. «Artista asko izan dira horien artean, baina musikariek toki berezia izan dute. Azken 25 urteotan laguntza handia eman dioten bi izen aipatu nahi nituzke: Iñaki Salvador eta Josetxo Silguero».

Beste zenbait arlotako artistak ere izendatu zituen, hala nola idazleen artean Joxean Artze, Xabier Lete, Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxaga. Baita Bertolt Brecht ere, estetikari buruz zuen teoriari Laboak zion maitasunagatik. Esker hitzak izan zituen halaber, artista plastikoentzat (Mendiburu, Balerdi, Uranga...), bereziki 1969az geroztik berarentzat lan egin zuen Jose Luis Zumetarentzat; argazkilarientzat, Arturo Delgado edo Fernando Larruquert; argitaletxeentzat, Goiztiri, Herri Gogoa eta Elkar; teknikari eta kontzertu eta ekitaldietako antolatzaileentzat. Bestalde, Laboarentzat publikoak izan zuen garrantzia azpimarratu zuen eta familiari aipu berezia egin zion. Bukatzeko, Marisol berak bere izenean hitz egin zuen, «eskerrak, Mikel, zuri, eman diguzunagatik».

Jarraian Markel Olano, diputatu nagusiak hartu zuen hitza eta guztiok Laboarekin zorretan gaudela esan zuen. «Gure bizitzak aldatu ditu Mikel Laboak. Nik behintzat ez dut nirea Mikel Laboaren eraginik gabe imajinatzen. Txoriak, lanbroak, urrunean aditutako hitz puskak, garrasiak, izarrak, eta nire euskal- duntasuna bera ere ez lirateke berdinak. Pobreagoak lirateke. Eta ondo dakit sentimendu hori ez dela soilik nirea». Markel Olanok, bestalde, Laboaren xalotasuna, herritasuna eta gauzatutako «herri abentura» nabarmen- du zituen.

Bukatzeko, Juan Jose Ibarretxek bi hitz eskaini nahi izan zizkion Laboari: errekonozimendua eta bihotza. «Errekonozimendua, Mikel, zuk egindakoarekin euskaldunok oso harro sentitzen garelako». Haren senideei hitz egin zien jarraian: «Mikelen bihotzaren zati handiena zuentzat izango da, baina zati txiki-txiki bat euskaldunentzat geldituko da».

MARISOL BASTIDA

«Ni izango naiz Mikelen izenean eskerrak emango dituena. Bere bizitzan zehar lagundu izan dioten guztiei: musikariei, idazleei, artista plastikoei, argazkilariei, teknikariei, argitaletxeei...»

BERNARDO ATXAGA

«Bere askatasuna, ausardia, orotarikoa zen. Bere ideia estetikoak estu-estuan ez hartzeko ere erabili zuen. Gogoan izan, lekeitioez gain, Txoriak txori edo Izarren hautsa bezalako kantak konposatu zituela».

MARKEL OLANO

«Haren abestiak, guztiok kantatzeko modukoak dira baina inork ezingo genituzke berak bezala kantatu. Guztiok kanta genezakeen berarekin, baina halako batean joan egiten zitzaigun, kantuaz harago, inork segi ez genezakeen bideetan barrena».

PORTAVOZ

Según Azkarate, el hecho de ser portavoz ha influido en las peticiones de dimisión, «más allá de la gestión realizada» en los dos casos que anteayer censuró la Cámara de Gasteiz.

KEPA JUNKERA

La consejera afirmó que la subvención a Junkera que ha sido criticada por numerosos artistas vascos «no ha quitado nada a nadie». Criticó, además, que lo que han dicho algunos artistas «no es verdad».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo