GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Patxi Azparren Olaizola Euskaria fundazioko kidea

Zikloen bukaera eta hastapena

Bi dira agortzear dauden zurrunbiloak: lehendabizikoa, behin betiko menpekotasuna eta morrontza dakartzan autonomismoa; eta bigarrena, porrota eta sufrimendua dakartzan borroka armatua

Naturak egiten duen moduan, noizean behin, guk ere, bizitzaren arlo ezberdinetan aldaketaren beharra sentitzen dugu. Askotan behin betiko aldaketak suertatzen dira, gehienetan ziklo aldaketak baino ez dira izaten.

Egun hauetan, hain zuzen ere, urtea eman digun ziklotxo baten bukaera eta beste berri baten hasiera ospatzen ari gara, Eguberriak alegia.

Agian egun hauetan aldaketa horren beharra denok antzematen dugulako, hedabideetan ere, txosten frankoren aurkezpen saioa izaten dugu. Horietatik, ohiko bilakatu da diru publikoz hornitzen den Euskobarometroaren «augurioa».

Paco Llera jaunak zuzentzen duen inkesta zerbitzu honen azkeneko ondorioa Ibarretxeren zikloaren amaiera iritsi dela iragartzea izan da. Ez da Harry Potter bezalako azti trebea izan behar Ibarretxek ordezkatu nahi zuenak berea egin duela ikusteko.

Albait, Llerak harago ikusten duela erakutsi nahi izan digu eta gehienetan egin ohi duen bezala, inkesta hau bere proposamen (edo amets) politikorako tresna gisa erabili du, iritzi-sortzaile boteretsua izateko ogibidea eman baitiote.

Soziologo honen esanetan, Ibarretxeren zikloaren bukaerak PSOE-PNV gobernu berria ekarriko du. Gizon hau lanpostu iraunkor horretan egon zedin hariak mugitu zituztenek ez zuten besterik entzun nahi, lan bikaina, alajaina!

Baina, zorionez, «profecia autocumplida» hauek erakusten diguten eszenatoki negargarrietatik at, bestelako etorkizun posibleak eskura ditugu.

Zikloak bukatzen. Dorothy eraman zuen tornadoaren antzera, ziklo guztiek amaiera dute. Gurean ere, Ibarretxek proposatzen zuen espainiar legearen barrutik egindako eraldaketa politikorako egitasmoa bukatu den moduan, Loiolakoa ere bukatutzat eman dezakegu.

Bi dira agortzear dauden zurrunbiloak: lehendabizikoa, behin betiko menpekotasuna eta morrontza dakartzan autonomismoa; eta bigarrena, porrota eta sufrimendua dakartzan borroka armatua.

Besteak beste, herri kontsultari ezarri zioten debekua onartzean, PNVren proposamen historikoa bukatu zen.

Besteak beste, Miguel Angel Blanco erailtzean, Loiolako tranpan erortzean eta Inaxio Uria erailtzean, ETAk bere ibilbide historikoaren amaiera idatzi du.

Azken urte hauetako sarraskitik garaile irten den talde politikoa, PSOE, mintzo da: Lleraren ahotik, Lopez Ajuria Enean egongo dela iragartzen, Rubalcabaren ahotik, ETAk GRAPOren amaiera-jarraipena bera izango duela aldarrikatuz.

Baina, esan bezala, etorkizun alternatiboak egon badaude, aldez aurretik idatzitako liburuetatik kanpo, tradizionalak ez diren letraz idatzirik. ETAri bukaera duina eman diezaiokeen letrak, guztion sufrimendua zintzoki aintzakotzat hartuko duen idazle-taldeak, autonomismoa baztertuko duen gidoigile burujabeak.

Begi-bistan erronka handiak ditugu. Zurrunbilo eraikitzaile berri bat elika dezaketen osagaiak baditugu. Ahal bezain laster elkartzeko gauza bagina, Espainiaren zerbitzuan ari diren azti guztiak INEMeko lerrora eraman genitzake.

Esku artean ditugun aukera apurrak alferrik galtzen utziko ez bagenitu zaharkituriko zurrunbiloen azkeneko garrek ez gintuzkete eramango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo