GARA > Idatzia > Kirolak > Osasuna

Partida ugari eta zailak

Beldurrik ez, hilabete gogorraren atarian egon arren

Azken partidak utzitako sentsazioak aprobetxatuz, gorritxoek gogoz ekingo diete hurrengo asteetan jokatuko dituzten Ligako eta Kopako neurketa zailei.

GARA | IRUÑEA

Sevilla, Real Madril, Bartzelona eta Vila-realen aurkako partidak Ligan eta, Athleticen aurkako bi norgehiagoka gutxienez Kopan. Hori da, gutxiagorik ez, urtarrilak Osasunari dakarkion egitaraua.

Egutegi mardula eta aurkari gogorrak, beraz, sailkapenaren azken postuan jarraitzen duen taldearentzat. Erronkak, baina, ez du beldurrik eragin, motibazioa baizik, Jose Antonio Camachoren esanetan. «Ez beldurrik, ez eta arriskurik ere ez dut ikusten. Erakargarria iruditzen zait. Izan ere, jokalariek pozik egon behar dute horrelako partidak jokatzeko aukera izateagatik -adierazi zuen entrenatzaileak-. Argi daukat motibazioa soberan izango duela taldeak, eta %200a emango duela partida guztietan».

Aurreko norgehiagoketan ikusitakoak baikortasun horri laguntzen dio, Camachoren ustetan, «burua eta besoak ez ditugula jaisten erakutsi baitugu. Eta horrela jarraituko dugu denboraldia amaitu arte, oso luzea delako. Izan ere, gure kontra gauza ugari izan dugula uste dut eta, hala ere, hortxe gaude». «Berdintasun izugarria dago -gaineratu zuen- eta, bi jardunalditan, lasai dauden taldeak behera eror daitezke, gu igotzen garen heinean», azpimarratu zuen.

Hori lortzeko, hala ere, entrenatzaileak badaki hobekuntza beharrezkoa dela hainbat arlotan, egoeraren erru guztia ezin baitzaio zorte txarrari egotzi. «Garrantzitsua da oporren aurreko azken partida irabazi izana. Gainera, emaitzaz gain, taldea ondo aritu zen eta horrek zapore ona utzi eta jarraitu behar dugun bidea erakusten digu. Baina partida horren aurretik, emaitza txar asko izan dugu eta hori zergatik gertatu den aztertu behar dugu. Nire ustez, maila eman dugu, baina dena alderantziz atera zaigu alde batetik eta, bestetik, guk ere ez dugu jakin gure esku zeuden hainbat punturi heltzen».

Camachok, azkenik, Osasunak ez duela Kopa alde batera utziko esan zuen. «Ia ez da entrenatzeko astirik izango eta erne ibili beharko dugu susperraldiarekin, baina garrantzi berbera ematen diet Ligari eta Kopari», azpimarratu zuen.

Dady, min hartuta

Egutegi gogor honen zati bati Dady gabe ekingo dio taldeak, gutxienez bi aste behar izango baititu aurrelariak Getaferen aurkakoan izandako lesioa gainditzeko. Atzo egindako probak erakutsi zuenez, Dadyk zuntz haustura du eskuin hankan bizeps femoralean.

Aurrelariaz gain, Margairazek eta Nekounamek ere ez zuten atzoko lan saioan parte hartu, lehenak min hartuta jarraitzen duelako eta pertsiarra arratsaldean itzultzekoa zelako Iruñera.

Visita navideña a los niños hospitalizados

La primera plantilla de Osasuna cumplirá hoy con una de las habituales tradiciones navideñas, la visita a los niños hospitalizados. Así, los rojillos acudirán a las 12.30 a la residencia Virgen del Camino, donde intentarán que los niños ingresados olviden por un rato su situación.

El partido podrá verse en abierto por televisión

La famosa guerra del fútbol beneficia, de momento, a los aficionados, que este fin de semana podrán ver en directo y en abierto nada menos que cuatro encuentros de Primera. Entre ellos, el que el domingo enfrentará a Osasuna y Sevilla en el Sánchez Pizjuán (19.00 horas).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo