GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Genero indarkeria

Eraso matxista baten ondorioz hil da 35 urteko emakumea Errenterian

Bikotekideak labankadaka hil zuen atzo eguerdian 35 urteko emakumea Errenterian; gainera, bere anaia eta emakumearen seme zaharrena ere zauritu zituen ustezko erasotzaileak. Ertzaintzak adierazi zuenez, emakumeak ez zituen tratu txarrak salatu aurretik eta ez zegoen indarkeria aurrekaririk. 2008ak Euskal Herrian utzi duen seigarren hildakoa da atzokoa eta beste behin ere, hainbat protesta ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako.

GARA | ERRENTERIA

Ustez bere bikotekideak labanaz eraso eginda hil zen atzo 35 urteko emakumea. Lakuako Gobernuko Barne Sailak adierazi zuenez, ustezko erasotzaileak bere anaia eta emakumearen seme zaharrena ere zauritu zituen eta ondoren, bere buruaz beste egiten saiatu zen.

Ertzaintzak azaldu zuenez, ezbeharra gertatu aurretik emakumeak ez zuen inolako tratu txar salaketarik jarri.

Errenteriako Agustinas auzoko Elias Salaberria kalean bizi zen Venezuelatik etorritako bikotea, gizonaren anaia eta hiru seme-alabekin batera. Dirudienez, atzo 12.00ak inguruan erasotzaileak hainbat labankada eman zizkion Clara bere bikoteari (abizena ez zuten jakinarazi) eta erizainek haren bizia salbatzeko ahaleginak egin bazituzten ere, ez zuten lortu.

Erasoaldian, gizonak beste bikotekide batekin izandako emakumearen seme zaharrena ere zauritu zuen. Mutila balkoira irten zen erasoaren ondoren laguntza eskatzeko, lekukoek argitu zutenez. Handik gutxira, erasotzailearen anaia ere zaurituta irten zen balkoira. Gertatutakoaren ondoren, gizona bere buruaz beste egiten saiatu zen.

Hirurak Donostiako Ospitalera eraman zituzten. Hala ere, erasotzailearenak ez bezala, beste bi senideen zauriak ez dira larriak.

Zauritutako seme zaharrenaz gain, bikotearen beste bi seme zeuden etxebizitzan erailketa gertatu zenean; horietako bat urte eta erdikoa eta bestea hilabete gutxikoa. Gertatutakoaren ondoren, Ertzaintzak Gipuzkoako Aldundiaren ardurapean utzi ditu haurrak.

Gertakarien ondotik, Ertzaintza ia hiru orduz egon zen bikotearen etxean eta ondoren, Donostiako Auzitegiko Institutura eraman zuten autopsia egin ziezaioten.

Hilketa gertatutako atari berean bizi den bizilagun batek adierazi zuenez, ez zuen sekula oi- hurik entzun bikotearen etxetik. Hala ere, pareko etxeko bizilagun batek azaldu zuenez, Eguberri egunean Ertzaintza eta anbulantzia bat joan ziren biktimaren etxera.

Gainera, nerabe talde batek argitu zuenez, zauritutako semearen lagunei entzuna zieten Eguberri egunean «eroaldi batek jo» eta etxeko objektuak lurrera bota zituela ustezko erasotzaileak.

Seigarrena aurten

Atzoko hilketarekin sei dira Euskal Herrian 2008an eraso matxisten ondorioz hil diren emakumeak. Bestetik, oraindik desagertuta jarraitzen du Mari Puy Perez Lizarrako emaku- meak. Horren aurrean, atzo bertan eraso gehiagorik izan ez dadin eskatzeko eta Clararen hilketa gaitzesteko 100 lagun inguru bildu ziren Errenterian Emakumeen Mundu Martxarako Euskal Herriko Plataformak deituta.

Atzoko Errenteriako hilketa gaitzesteko, bestetik, hainbat elkarretaratze deitu dituzte gaurko. Horien artean, eguerdiko hamabietan udaletxe aurrean egingo dituzte protesta ekitaldiak; batetik, Udalekoek deituta eta bestetik Emakumeen Munduko Martxarako Euskal Herriko Plataformak deituta. Errenteriako Udalak igorritako komu- nikatuan «herritarrei elkartzeko» deia luzatzen diete. «Azken hilketa» gaitzesteaz gain, honakoa ez dela sufritzen duenaren arazoa soilik salatu zuten.

Errenteriako ezker abertza- leak salatu zuenez, berriz, «bada garaia udal gobernuak emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, oso eta koordinatua garatzeko». Onartu berri duten Berdintasun Plana edo horrelako gertakarien kontrako protokoloa martxan jartzea eskatu zuen talde honek.

Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon eta Gasteizen

Errenteriako emakumearen hilketaz gain, joan diren egunotan gutxienez beste bi atxiloketa izan dira indarkeria matxista gertakariengatik, hala nola Bilbon eta Gasteizen.

E.B.M.G. 41 urteko gizona atxilotu zuen atzo Udaltzaingoak Bilbon emaztearekiko urruntze agindua urratzeagatik eta hilko zuela mehatxu egiteagatik. Dirudienez, emakumea, lan egiten duen Cantalojas kaleko saltokira iritsi zenean, gizona auto baten atzean zelatan zuela ohartu zen. Une horretan bertatik igarotzen ari ziren udaltzain patruila batengana jo zuen laguntza eske, alboan zuena bere bikotekide ohia zela eta urruntze agindua zuela argituz.

Gaineratu zuenez, iragan ostegun goizaldean hilko zuela mehatxu egin zion gizonak. Gizona ihes egiten saiatu bazen ere, atxilotu egin zuen Udaltzaingoak.

Gasteizen bestetik, larunbat goizaldeko zazpiak inguruan Udaltzaingoak 32 urteko P.Z.R. atxilotu zuen bikoteari eraso egiteagatik, atzo jakinarazi zutenez. Udaltzaingoa Ramon y Cajal kalean gizon bat emakume bati eraso egiten ari zela iragartzen zuen deia jasotzean inguratu zen lekura.

Udaltzainak erasoa jazotako lekura iritsi zirenerako, gazte talde batek emakumeari lagundu zion eta erasotzaileak alde egin ez zezan bertan eutsi zioten. Udaltzainek gizona atxilotu eta polizia etxera eraman zuten. Gertakarien lekukoek adierazi zutenez, ustezko erasotzaileak emakumeari «lurrean zegoen bitartean ostikoak eta muturrekoak» eman zizkion. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo