GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Emakumeen aurkako biolentziaren aurrean epe erdiko estrategia eraginkorrak behar dira

Atzo Errenterian emakume bat hil zen, bere bikotekideak laban batez eragindako zaurien ondorioz. Urteko enegarrena da -zehatzago, Euskal Herrian gertatutako seigarrena da-, aurreko guztiak bezain tristea eta tamalgarria. Urteko balantzea egiteko tenorea den honetan estatistikak «borobiltzeko» erabiliko den heriotza da hau, kontzientziak astintzeko erabiltzen diren estatistikak, baina urterik urte inor lasaitu ezin duten datu latzak ematen dituztenak.

Konponbide magikorik ez duen auzi baten aurrean gaude, matxismoaren ondorio den emakumeen aurkako biolentziarena, eta beroan politikariek egiten dituzten adierazpenek ez dute, besterik gabe, odol hotzean emaztea hiltzen duten gizonezkoen ilara etengo, esatea gogorra bada ere.

Jakina, horrek ez du esan nahi ezer egin behar ez denik, ezta gutxiago ere. Gizartearen presioa eraginkorra izan da arazoa azalerarazteko eta agenda publikoan sartzeko. Baina egun bereko adierazpenak eta neurriak baino are beharrezkoagoak dira epe erdirako estrategiak. Eta estrategia horien ardatza gizonen eta emakumeen arteko parekidetasun erreala izan behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo