«Herria eta hizkuntza dira gure nortasunaren eta izaeraren oinarri»
Ixai BARRENETXEA | BILBO
EÑAUT ELORRIAGA | Ken Zazpi taldeko kantaria
Gor diskoetxe nafarrarekin lehen bi lanak eta zuzeneko bat argitaratu ostean, iazko urte hondarrean Ohiuka diskoetxean Sardinas ekoizle sonatuarekin "Argiak" laugarren lana plazaratu zuen Ken Zazpi talde gernikarrak, bihar itxiko duen bira arrakastatsuari hasiera ematearekin bat.
«Argiak» plazaratu eta gurean egin den bira sonatuetariko batean murgildu zen Ken7. Urtebetez ia astero oholtza gainera igo ostean bira bukatzeko tenorea heldu zaie orain. 1996an abian jarritako ibilbideari errepasoa emango diote bertan, Eñaut Elorrieta ahotsak, Igor Artzanegi baxuak, Beñat Serna gitarrak, Iñaki Zabaleta teklatuak, Jon Fresko bateriak eta Jon Mikel Arronategik. Lau diskotan bildutako pop rock doinuen laburpena egingo dute, Coldplay bezalako bandak gogora ekarri eta une akustikoak zein elektrikoak ukitu epikoekin uztartzen dituen ikuskizunean. Gaztetxoen zein helduen aldetik erantzun beroa jaso duen emozioen azaleratzea.
Bihar, lan gogorra eskatu dien berrogeita hamar egun inguruko bira itxi eta atseden hartzea da orain beraien asmoa, gero hurrengo lanak prestatzen hasteko. Ez da ez erronka makala, jada lortutako maila ikusita.
Nola gogoratzen duzue bira hasiera, horrenbeste jo eta gero?
Emozio handiarekin gogoratzen ditugu hasierako kontzertuak, batez ere, publikoak disko berriarekin hasieratik egin zigun harrera beroagatik. Ezin hobeto hasi genuen bira, eta kontu hauetan ondo hasten dena gehienetan ondo amaitzen denez, urte hau izugarria izan da. Kontzertu guztiak, banan-banan gogoratzen ditugu! Belaunaldi ezberdinetako jendea hurbildu zaigu, eta oso oso hunkigarria izan da. Ezin da hitzez deskribatu, sentimendu eta emozio handiko bira izan da. Une gogorrak ere izan dira, baina taldeak aurrera egin du, eta inoiz baino batuago eta indartsuago gaudela sentitu dugu maila guztietan, eta sentsazio hori oso inportantea da lau disko eta hainbeste kontzerturen ostean. Itxaropena transmititu nahi genuen kantuetan, argia soinuaren bidez, baina publikoa izan da guri beroa eta argia eman diguna.
Eta bira itxiko duzue bihar.
Denak dauka hasiera eta bukaera, eta bukatzen jakitea garrantzitsua da. Oso une onean bukatuko dugu bira, eta horrek kristoren indarra ematen digu hurrengo erronkei aurre egiteko. Krisia aipatzen da musikaz hitz egiten denean ere, industriaren krisia musikarenarekin nahasten saiatu da asko, baina musika oso bizirik sentitu eta ikusi dugu bira honetan zehar.
Soinua zaindu, argi joko bereziak erabili... merezi al du?
Dudarik gabe, bai. Guk horretan filosofia argi bat daukagu: guri entzuteagatik ordaintzen denaren parte handi bat kontzertuan bertan inbertitzen dugu. Argi diseinu berri bat nahi genuen, eta Jabi Ullarekin lan egitea ohore eta plazer handia izan da. Soinuan ere gure betiko eta konfiantzazko teknikoaren alde egin dugu apustu, Haritz Harreguy. Diskoak berarekin grabatu ditugu eta bera zuzenean ondoan izateak ziurtasun handia ematen digu. Saiatu gara ahalik eta ekipo onena biltzen eta horrek oso emaitza ona eman digula uste dugu. Bira honen arrakasta beraiena ere bada.
Publikoa zaintzen ahalegintzen zarete, beraz.
Mimo askorekin zaintzen dugu kontzertu bakoitza, eta gu ere oholtzara beti guztia ematera ateratzen saiatzen gara. Gainera, talde bat gara oholtzatik kanpo ere, eta hori nabaritu egiten da kontzertuetan. Talde lanean sinesten dugu, eta hori lantzen eta zaintzen saiatzen gara.
Musikari gisa asko hazi zarete. Eta hemendik aurrera?
Zer da musikari gisa haztea? Irratian eta telebistan gehiago ateratzea, jende andana mugitzea edo disko gehiago saltzea? Kontuz ibili behar da, ezin dira arrakasta eta hutsak horrela neurtu. Ez da erraza gurpil horretatik guztiz kanpo ibiltzea, baina saiatzen gara gauza horiek guztiak zalantzan jartzen eta gure pausoetan kontsekuente izaten. Saiatzen gara, era berean, gure tempo-ak neurri batean geuk markatzen, eta ez dugu sekula lan bat arrazoi komertzialetan oinarritu, ez edukian, ez forman. Sartuko genuen noizbait hanka zentzu honetan, baina horrela ikasten da.
Beste modu batean galdetuta, non du Ken Zazpik muga?
Muga handienak geure barrenean daudenak izaten dira. Inoiz azaltzen dituzte euskal merkatua eta hizkuntza bera muga legez. Guretzat herria eta hizkuntza gure nortasun eta izaeraren oinarri dira. Lanarekin kanpo eta barne mugak apurtzeak motibatzen gaitu. Musika bizitza dugu eta esperientzia berriak izateko grina dugu. Ilusio handiz bukatu dugu bira hau.
«Argiak» lanarekin egin legez.
Esperientzia ikaragarria izan da. Asko ikasi dugu eta ikasteko zenbat dugun ere ikusi dugu. Eta ikusten dugu bidea aurretik ere, beraz, hurrengo proiektuan berriro aurrerapausoak ematen saiatuko gara arlo guztietan, baita zuzenekoan ere, zuzenekoa baita oinarria, etorkizuna. Baina gauza bat argi dugu: inportanteena kantuak dira, ez beste ezer. Kantuak!
Nahiz eta musikarako garai gogorrak bizi ditugun...
Ez gaude ados musikarentzako garai onak ez direla diotenekin, krisi merkantilista sormenezko krisi bihurtu nahi baitute. Onartzen dugu iraultza teknologiko baten aurrean gaudela, baina garaiotan aukera berriak zabaltzen dira, eta aprobetxatu egin behar ditugu. Hori bai, musikariok hartu behar dugu iniziatiba, inork ez digu ezer oparituko. Enpresa pribatuek, SGAEk eta abar, ez dituzte taldeak defendatzen eta babesten... eta instituzioek ere ez dute euskal kulturaren aldeko apustu garbi eta zuzenik egiten. A dedo handinahikeriazko inbertsioak erarik lotsagarrienean egiten dituzte, haien burua zuritzeko, eta gehienetan kanpora begira. Baina bitartean gu zertan gara? Ez gara gai aportazio bateratu eta sendoen alde pausoak emateko, eta salaketa hutsean gelditzen bagara oker gabiltza. Ezin gara oldartu diruaren banaketa oker baten kontra soilik. Noizko gure kezka eta erronkak defendatuko dituen gune bat, nolako etorkizun kulturala nahi dugun aldarrikatzeko? Banatuta, eta ondorioz ahul gaude, eta gizarte honetako gaitz handienetako batek jota: indibidualizazio egozentrikoa.
Jakitun zarete zuenganako aurreiritziak ere badirela.
Aurreiritziak denon gainean daude, eta hauei garrantzia gehiegi ematea sintoma txarra da. Gure bertute eta hutsuneekin, geure buruarekin koherente izaten saiatzen gara gu, inoiz hanka sartuko genuela jakin arren, erratuz ere ikasten baita. Dena den, gizarte mediatikoegian bizi gara, eta epe motzerakoak nagusitzen dira. Sarri erabiliak sentitu gara. Medioek egun batetik besterako, esfortzu handirik egin gabeko rock star-aren irudia indartzen dute, lana, talentua eta ez etsitzea potentziatu ordez. Egun ez da nahikoa lan artistikoa bera, behartuta zaude lan horren defentsa mediatikoa egiten, nolabaiteko irudi, marka edo miss bihurtuz, kasu batzuetan irudiak obrak baino oihartzun handiagoa izatera heltzeraino. Baina horretaz bizi direnei, igarri egiten zaie.
«Medioek egun batetik besterako, esfortzu handirik egin gabeko rock star-aren irudia indartzen dute, lana eta ez etsitzea bultzatu ordez»
«SGAE bezalako enpresa pribatuek ez dituzte taldeak defendatzen, eta instituzioek ere ez dute kulturaren aldeko apustu garbi eta zuzenik egiten»
Bira luze honetan zehar kantu berriak prestatu dituzue?
Bira oparoa izan da dudarik gabe, baina ez luzea. Duela urtebete Durangon hasi eta bihar bukatuko dugu Donostian. Horrekin ere badugu kezka bat: gaur ateratzen diren lanak bihar zaharrak dira. Gizarte honetan gero eta nabarmenago gauzen iraungipena murriztuz doa, zurrunbilo arriskutsu bat sortuz. Tempo horiek kontrolatzen saiatzea eta horrek zure lana ez baldintzatzea garrantzitsua da. Dena den, eta zerbait konposatu dugun arren, ez gara horretan buru-belarri hasi.
Atseden hartzeko unea heldu zaizue baina... etorkizun hurbilerako egitasmorik bai?
Badauzkagu zenbait ekimen buruan, baina oraindik ez guztiz lotuta. «Gernika» kantuarekin lan artistiko berezi bat egiteko asmoa daukagu. Baina orain buruan biharko kontzertua dugu. Oso berezia izango da, alde batetik, pena ematen digulako bira bukatzeak, baina beste aldetik urte hau ospatzeko gogoa ere badaukagulako. Publikoari emandako babesa eskertu nahi diogu bihar. Hori da egun gure erronka.
Musika duzue lanbide?
Gure une onenak eskaintzen dizkiogu musikari. Baina ez dugu musikatik bizi nahi, musikarekin bizi nahi dugu. Batzuetan mundu honekiko distantzia pixka bat hartzea ona dela uste dugu, eta horrela denean proiektuak diseinatzerakoan askeago garela sentitzen dugu. Baina egia da aldi berean lan arrunt bat izateak gauza batzuk egiteko mugatu egiten zaituela. Oreka kontua da, baina orain arteko bidea positibo baloratzen dugu.
I. B.