GARA > Idatzia > > Kultura

Zer demontre gertatuko da?

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Urte zaharra isiltasunean geratu da. Hauts bilakatu dira garai hartako egunak eta adinaren zama handiagotu egin zaigu. Askorentzat isiltasunean pasatu den beste urte bat baino ez da izan, beste batzuentzat ordea, mundua lehen aldiz arnastu duten urtea, eta beste batzuentzat, mundua azken aldiz ukitu duten urtea. Eta hauen artean dugu, bere kantuaren oihartzuna bihotzean betiko utzi digun Mikel Laboa eta baita oihartzunarekin hitz egiteko gaitasuna zuen beste artista handi bat ere, Harold Pinter.

Dramaturgo, poeta, aktore, gidoilari, zuzendari eta politikari izandako gizon honek antzezlan ugari idatzi zituen, hala nola «Ashes to ashes», «The Room», «The Birthday Party», «The Dumb Waiter», «The Caretaker», «The Lover», «Mountain Language», «Celebration»... beste askoren artean. Zinemarako gidoiak ere egin zituen, hala nola «The Servant» eta «Accident»... eta poeta eta aktore lanetan ere aritu zen. Duela bi urte agurtu zituen agertokiak betiko, Becketten «La última cinta» bakarrizketarekin.

Antzerkiak gauza asko zor dizkio duela 78 urte Londresko familia judu batean jaiotako gizon honi. Antzerki testuetan egitura berriak sortzeaz gain, hizkuntzari loturikoak batez ere. Lexikoa, tonuak, musikaltasuna eta eguneroko hizkuntzaren irrazionaltasunarekin jokatuz, hizkuntza poetiko baten etengabeko ikerkuntzan buru-belarri lanean aritu zelako. Hitzez haragoko hizkuntza sakonago baten bila. Eta esan beharrik ez dago, isiltasunaren maisua izan dela. Edozein hitz baino beteagoa dagoen isiltasunaz. Bere lanetan erretratatu zituen pertsonaiak eta egoerak ugariak izan dira, gela partekatzen zuten bi langileri buruzko bere lehen antzezlanetik hasita (The Room 1953), luxuzko aristokraten afari bati buruzko bere azken antzezlanera arte (Celebration 2000).

Maisu handi honek, Beckett, Ionesco eta Brechtekin batera, antzerki absurdoan topatu zuen bere lekua. Artea gizarteari kritika zorrotza egiteko erabili zuen, gai sozial eta politikoak jorratzeko eta baita, egia gordinaren etengabeko eta alferrikako bilaketarako ere. 2005. urtean Nobel Saria irabazi zuen gizon hau, gizartearekin konprometitua bizi zen, eta ez bere inguru hurbileko gizartearekin bakarrik, mundu osoko gizartearekin baizik. Eta halaxe azaldu ere, Nobel Saria jasotzean, AEBen aurka idatziriko diskurtso polemiko harekin.

Londresen omenaldi ugari eskaini zaizkio antzokietan, baina hemen ere, kasualitatez, Teatro Estudiok bere antzezlan ederrenetariko bat taularatu baitzuen bera hil eta bi egun geroago Victoria Eugenia antzokian, «The Lover». Eta joan berri zaigun autore handi hau euskaraz irakurtzeko aukera ere badugu nahi izan ez gero, Iñigo Errastik itzulitako «Maitalea». Beraz, herri txiki honetatik ere, gure omenalditxoa eskaini nahi diogu joan berri zaigun antzerki gizon handi honi. Eta Euskal Herriko eta Britainia Handiko bi artista handi hauek urtezaharrarekin batera hauts bilakatu diren honetan, euren errautsak zerutik behera datozkigu gure bihotzak isiltasunaren oihu isilaz jantziaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo