GARA > Idatzia > > Kultura

Magia eta kolorea, «Gabonetako Fantasia» lanaren estreinaldian

Santurtziko Encrucijada Teatroaren eta Musika Bandaren arteko lehen kolaborazioaren emaitza da «Gabonetako Fantasia» musikala. Ferrer Ferran konpositore valentziarraren magia eta antzezlanaren kolorea taularatuko dute hemezortzi aktore eta berrogei musikarik. Bihar Serantes Kultur Aretoan estreinaldia izango da; lehenbizi euskaraz eta ondoren gaztelaniaz.

Odeia AIESTARAN | SANTURTZI

Herriko musika bandak Ferrer Ferran konpositorearen obrak taularatuko ditu bihar Santurtziko Serantes Aretoan, Encrucijada Teatroak horien doinuak jarraituko dituelarik. Kolorea eta magia batuko dira, ezbairik gabe «Gabonetako Fantasia» musikalaren estreinaldia izango den egunean.

Alfred gaztearen istorioa kontatzen du lanak. Umeak inork baino jostailu gehiago ditu, baina gehien desio duena lagun bat izatea da. Gau batean, ordea, bere ametsa bete egingo zaio, ume bat bere logelako leihotik sartzen denean. Baina, ez da ez nolanahiko laguna, ez da ohiko laguna: banpiro bat da. Gau horretan murgilduko du ikuslea musikalak Alfredekin jostailuen herrialderanzko bidaian. Hala, pertsonaiek bizia hartuko dute eta ume guztien jostailuek askatasunez gozatuko dute.

Antzezlana irudikatzeko Encrucijada Teatroak eta Musika Bandak, dantza, antzerkia eta musika txikienei gerturatuko die, familia giroa bultzatu nahi duen ikuskizunaren bitartez. Horretarako, bi taldeak taula gainean izango dira eta musika eta antzerkia batu egingo dira, Jose Miguel Medrano Bandako zuzendariak azaldu bezala lanari «berezitasuna gehituz».

Doinu bidezko mugimenduak

Medranoren hitzetan, ikuskizun

«erakargarria» da honakoa, irauten duen ordubetea «aise igaroko» dena, musika «interesgarria» erabiltzen duena mugimenduak doinu horien araberakoak direnak, beraz, musikak duen garrantzia azpimarratzekoa da.

Istorioan zehar, bandak hiru musika obra eskainiko ditu, denak ere Ferrer Ferran konpositorearenak. «Baguira» izenekoan «denon bizitzako gidari» den aingeru guardakoari egiten zaio erreferentzia, Baguira pantera beltzaren bidez irudikaturik. Obra musikariek eta Carmen Roman saxofoi-jotzaileak eskainiko dute. Ondoren, Musika Bandak Walt Disneyren hainbat melodia joko ditu, eta gero, Encrucijada Teatroarekin batera, «Toyland Suite» lana izango dute ardatz.

Lau eszenek osatzen dute pieza, txotxongiloek, panpinen etxetxoak, trenak eta berunezko soldaduak. Azkenik, istorio musikal batek hartuko du protagonismoa, «El pequeño Rugier» izenekoak. Ume baten abenturak azaltzen dira bertan, banpiroaren beldur den haur batenak hain zuzen ere. Rugier izena du honek eta umeari bere arreba aurkeztean, bien arteko maitasun istorioa hasiko da.

Zuzeneko musika antzerkiarekin uztartzeak dakartzan zailtasunak kontuan hartuta, Medranoren esanetan, emaitza onak izan ditu bi taldeen arteko elkarlanak, eta ikuskizun original eta ederra ikusi ahal izango dela gaineratu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo