GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Perurena gazteak ezin izan du 295 kilokoa berdindu

Kirolari leitzarrak ez zuen izan bere egunik onena. Bi aldiz saiatu zen bost minutuko txanda bakar batean, baina ezin izan zuen harria gerritik gora jaso. Orain lanean jarraitu beharko du.

p024_f01_097x124.jpg

Jon LEUNDA | ASTEASU

Ez zen posible izan, Inaxio Perurenak ezin izan zuen 295 kiloko harria bizkarrean berdindu, eta berriro ere entrenamenduekin jarraitu beharko du, prest dagoenean beste ahalegin bat egin ahal izateko, berak amaieran adierazi zuen bezalaxe.

Jende asko batu zen urteko azkeneko egunean Asteasuko pilotalekuan, harmailak bete egin baitziren leitzarraren ahalegina ikusteko, eta baita Urrezko Aizkorako saioak zuzenean jarraitu ahal izateko ere.

200 eta 250 kiloko laukizuzenak erabili zituen berotzeko Inaxiok. Bere burua prest ikusi zuenean, epaileei keinu bat egin, eta hauek txistua jo bezain pronto heldu zion harriari. Belaunaren parera ekarri zuen, baina behean geratu zitzaion eta bota egin zuen. 20 segundotan gertatu zen dena. Bost minutuko txanda zenez, oraindik bazuen tartea nafarrak, eta atseden apur bat hartu zuen, berriro ere bere buruarekin konfiantza hartu nahi zuen bigarren ahalegina egin aurretik.

Berriro ere bere burua prest ikusi zuenean, harriari heldu zion, gerrira ekarri buelta eman, baina berriro ere bota egin zuen. Hori egin zuenean 3 minutu eta 40 segundo bete ziren, artean minutu bat pasatxo geratzen zen, baina berak buruarekin ezetz egin zuen, ez zegoela berriro heltzen hasteko tarterik, eta hantxe utzi zuen ekinaldia zaleen txalo artean.

Saioaren amaieran, oso haserre agertu zen komunikabideen aurrean: «Desastre bat izan da. 295 kiloko harri bat jasotzera etorri den bat baino, hasiberri bat ematen nuen», esanez hasi zen hizketan.

Dena gaizki egin zuela esaten zuen behin eta berriz: «250ekoarekin ere berotzerakoan gaizki ibili naiz, eta harri handi honi heldu diodanean, bietan gaizki egin dut. Lehenengoa oso behean geratu zait, eta bigarrengoarekin ere gaizki, ez dago aitzakiarik», gaineratu zuen.

Katarro handi bat izan du Inaxiok, baina hori ez zela aitzakia onartu zuen: «Honek ez dauka aitzakiarik. Bular aldea itxita izan dut, baina gaur nahiko ongi nengoen. Harria behean galdu dut, eta katarroak ez dauka honekin zerikusirik. Gaur gauzak gaizki egin ditut eta akabo, ez dago beste ezer», esan zuen. Orain lanean jarraitu beharko duela onartu zuen azkenik: «Marka hau gaur egin nahi nuen, baina ez da posible izan, eta orain gauza batzuk aldatu beharko ditut. Berriro ere entrenamenduekin jarraitu beharko dut, eta gauzak ongi doazela ikusitakoan, berriro ere plazara, harria jasotzeko asmoz. Ea hurrengoan marka egiteko modua egiten dudan», esan zuen.

Aizkora

Urrezko Aizkoran, Arrospidek eta Azurmendik finalerdiak jokatzeko txartela lortu zuten, Olasagasti eta Txapartegi menderatuta. Horiek, berriz, aurrera egiteko aukerarik gabe geratu dira. Azurmendik eta Arrospidek 19 minutu eta 44 segundotan amaitu zituzten lanak, eta Olasagastik eta Txapartegik, berriz, 22 minutu eta 33 segundotan. Multzo honetan, Mugertza II.a eta Nazabal ere sailkatuta daude. Gazte mailakoan, Larretxea lehengusuek irabazi zioten Mugertza III.a eta Alkizalete II.ari. 19.20 izan zen irabazleen denbora eta 30 segundoko tartea egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo