GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Beatriz Arana

Iruñerriaren argiak eta itzalak

Iruñerria pizteko asmoz gazte talde batek martxan jarri zituen irudimenez eta ausardiaz jositako ekimenak. Itun zibikoa salatu, kaleak aldarrikatu eta Gaztetxe bat exijitu nahi zuten. Kanta herrikoiek, kartel jartze masiboek, Marqués de Rozalejo eta Gazteriaren Etxearen eraikinen okupazio sinbolikoek, kale antzerkiek eta kateaketek, besteak beste, argi pixka bat ekarri zuten Iruñerrira.

Eta horra hor eskaera fiskal eskandalagarrienak: lau eta bi urteko kartzela zigorra garabi batera igotzeagatik eta bi urte eta erdiko kartzela zigorra lurrean esertzeagatik. Oro har, 85 lagun akusatuta, horietatik 38rentzat, 58 urteko kartzela zigorren eskakizunekin, zortzi hilabete eta lau urte bitarteko zigorretan banatuak.

Itun zibikoaren bitartez herritarron adierazpenaren «usaina» daukan guztia desagerrarazi nahi dute. Pankartak eskegitzeak, paretak margotzeak, kartelak jartzeak, ikurrak edota norberaren kuleroak leihoetan zintzilikatzeak gaizkile «inzibikoa» bilakatzen gaitu. Itun zibikoak, ordea, ez ditu iragarki publizitarioak zigortzen. Eta kaleak pribatizatu ez ezik, gure eremu bisuala ere hartzen dute. Nahitaez ikusten ditugu. Salgaien erresuman itsutzen gaituzten irudiek eta artifiziozko argiek soilik dute lekua.

Herri antolatua herri argitsua da, instituzioen beharrik gabe gauzak egiteko kapaza den herria. Eta honek instituzioen beharra zalantzan jartzen du.

Eskaera fiskal hauek sententzia bilakatzea oso aurrekari arriskutsua litzateke herri mugimenduentzako. Duela gutxi arte falta bezala sailkatuta zeuden ekimenak delitu bihurtu nahi dituzte. Ezin diegu utzi. Urtarrilaren 8an lehenengo epaiketa burutuko da garabira igo ziren gazteen aurka. Adierazi dezagun gure ezadostasuna epaiketarekiko eta elkartasuna epaituak izango direnekin!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo