GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Konponbidearen ilusioa epaitu nahi dute

Lopez epaileen aurrean jarri izana, bere alderdiaren jardueragatik da. Konponbide politikoak etsaiak dituela gauza ezaguna da, eta bazen duela bi urte ere. PSOEk bazekien. Baina ez zuen deus ere egin. Alderantziz, bazka eman zien

Bilbon egiten ari diren epaiketaren irudiek oihartzun zabala izan dute, ezker abertzalekoez gain EAJ eta PSOEkoak eseri direlako epaileen aurrean. Hainbatek argazkiaren inpaktua bilatu du, baina espektakuluak alde batera utzita, harrigarria da azken prozesuan protagonismoa izan zuten hiru eragileen ordezkariak epaituak izatea. Bestalde, nork eta espainiar epaileek epaituta, hau da, prozesuan parte hartu (omen) zuen Estatuaren beso bateko kideak!

Beste era batera esanik, Estatu espainolak ezker abertzalekoak epaitzeaz gain, bere zerbitzariak ere epaitzen ditu, baita Loiolan nahiz beste esparruetan aliatu gisa hain leial ibili ziren EAJko kideak ere. Estatuak Estatua epaitzen du? Bere burua epaitzen ari da Estatu espainola? Beso batek bestea kondenatuko du? Zinez harrigarria da epaiketa. Are gehiago hauteskunde aurreko giro honetan. Errepresioaren logika ilogikoaren arabera erokeria da Bilbon gertatzen ari dena. Logikoa da, berriz, ezker abertzalekoak kartzelan sartzea (edo itzultzea). Baina, PSOE eta EAJkoak! Batzuek orain jakin dute espainiar legeek jarduera politikoak kriminalizatzen dituztela, baina beste askori, tamalez, ez zaigu arrotz egiten jendea beren ideiengatik akusatuen eserlekuan ikustea. Zorigaitzez, egunoroko ogia da. Ezker abertzalekoak epaitzea ez da arraroa. Espainiar ohitura bilakatu da hondarreko hamarkadetan. Hain latza ez balitz, «espainiar kirola» bihurtu dela esanen genuke, baina jendea kartzelan sartzea ez da txantxetakoa. Eta kriminalizazioa gertatzen da, besteak beste, Alderdien Legeari esker, akusatuen eserlekuan dagoen Patxi Lopezen alderdiak bultzatu duena. Agian batzuendako terapia ona litzateke kartzela zapaltzea, eurek ezarritako legeengatik. Edo eurek, nahiz eta formalki salatu, ontzat eman eta gauzatu duten apartheidari aurre egiteagatik. Agian, diot, onena lege hauek bertan behera uztea litzatekeelako.

Bilbon, finean, konponketa zibilizatu baten ilusioa epaitzen ari dira. Nola iritsi dira muturreko egoera honetara? Hau, nire ustez, prozesuaren beste ondorioa da. Prozesuan legedia aldatzeko aukera baztertu zuen PSOEk. Ez zuten ordain politikorik nahi. Ez zieten aurre egin espainiar ultranazionalistei, bat egin zuten itxikeriaren mezuaz eta errepresioaren lasterketari eutsiz orain jasaten dutena erakarri dute. Lopez epaileen aurrean baldin badago, bere alderdiaren jardueragatik da, ez bestela. Konponbide politikoak etsaiak dituela gauza ezaguna da, eta bazen duela bi urte ere. PSOEk bazekien. Baina ez zuen deus ere egin konponbidearen etsaiak menperatzeko. Alderantziz, bazka eman zien. Esanaz ETAk GRAPOren bidea hartu duela (hau ergelkeria!) Lopez eserarazi dutenak bultzatzen dituzte. Elkarrizketaren kontrako mezuak erraztu du epaiketa hau. Prozesua saboteatzeko erabakia izan da epaiketa ahalbidetu duena. Batzuek epaiketa egin nahi izan dute oztopo guztien gainetik. Horien helburu politikoa nabarmena da. Epaile batzuen jarrera argia da, baina PSOEk jarrera hori baliatzen du, komeni zaionean. Hazitako beleek Patxi Lopez eta Rodolfo Aresen begiak jan nahi dituzte oraingoan. Eta, larriena, konponbidearen ilusioa zigortu nahi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo