GARA > Idatzia > > Kultura

Kronika | Patrik Michelenaren ehorzketa

Ehunka pertsona bildu ziren atzo Urruñako hilerrian «Mixu»ri azken agurra ematera

Goazen kantuz» esaldia erabiltzen zuen Patrick Michelena «Mixu»k ikusleak berarekin kantatzera gonbidatzeko. Atzokoan beraren txikitako lagun batek eskaini zuen gomita, Urruñako hilerriaren aitzinean elkartu ziren ehunka pertsonak «Txoria txori» kantatzen hasteko. Malkoak ageri ziren aurpegi guztietan, bai senide, bai lagun, bai miresleen aurpegietan, baita abestia kantatzen ari ziren Maialen Errotabehere eta Xabaltxen begietan ere.

p041_f01.jpg

Idoia ERASO

Malkoak eta negarra, hain gazte utzi gaituen «artista totala» agurtzeko. Niko Etxart lagun eta kolaboratzaileak hitz horiekin definitu zuen. «Urruñako trobadoreak» onartuko ez lituzkeen malkoak zirela ekarri zuten gogora herriko bere lagunek. «Negarrik ez egiteko esango liguke, aski dela, eta bere izaeraren alderdi punkari jarraituz, beharbada, bere atzealdea ere erakutsiko liguke».

Omenaldi hunkigarria eskaini zioten atzokoan lagunek Mixuri. Paxkal Indoren albokaren eta txalaparta doinuen ostean, Espaize Mukaki taldeko Joxek dantzatu zuen aurreskua haren omenez.

Txoria

Kuxkuxtu txarangak habanera airean bi bertso eskaini zizkion «txoriari», bildutako jendea kantuz jartzeko. «Baionako zelaiatik/ zabaldu zaugu berria/ azken kantua emanik/ ixildu zela xoria./ Aspaldian zen hasia/ alaitzen gure herria/ ta denetan ezaguna/ agertzen zuen irria».

Txoritzat definitu zuen Anje Duhalde kantariak ere: «Txori airosaren itxura zuen baina bere baitan bazituen bere kezkak, batez ere gure herriarekiko». Agertokian arintasun handiarekin mugitzen zela esan zuen batek baino gehiagok. Niko Etxartek horrela esan zuen: «Energia handiko gizona zen, bere pisuarekin arinki ibiltzen zen».

Mixuren lagunek kantariaren alaitasuna eta energia ere nabarmendu zuten, «irria sortuz beti». Bere arazoak berarentzat gorde eta alaitasuna banatzen zuela ere aipatu zuen Beñat Elizondok: «Gaizki zelarik ere ez zuen erakusten, beti alegera zen».

Musika zen Mixuren hizkuntza, eta musika izan zen kantaria agurtzeko bidea. Txiki-txikitandik hasi zen musikaren munduan. Niko Etxartek horrela adierazten zuen kantari urruñarraren lehen esperientzietako bat. «Anitzetan aipatzen zuen bederatzi urterekin gure kontzertua ikustera etorri zela-eta zenbat emozionatu zen».

Kuxkuxtu txarangakoek ere bere lehen pausoak ekarri zituzten gogora, kantuari helduz: «Urruñako fanfarrean/ emanik lehen pausoa/ Herburuko txarangari/ eman zion sua./ Izan Sustraia taldeetan/ bilakatu zen maisua/ hain arina bai zuen/ taula gainean pisua». Kuxkuxtuko Beñat Elizondok garai horiek oroitarazi zituen: «Hamalau urte zituen txarangan hasi zenean, erritmo handia zuen eta bizi-bizia zen beti».

MMX taldea osatu zuten Mixu, Maialen (Errotabehere) eta Xabaltxek azken hilabeteetan. MMXrekin eskaini zuen Mixuk azken kontzertua eta minutu batzuk geroago etorri zitzaion heriotza Baionako Jean Dauger estadioan. «MX» izan zen atzo, Sustraiako musikariek lagunduta, «M»ri musikaren bitartez azken agurra eskaini ziona. «XXXL lagunari» eskaini zioten kanta, eta maitasuna kantuz agertu ondoren, «Tears in heaven» abestiaren doinuan lagun abiatu ziren hilerrirantz han bildutako senide eta lagunak.

Gelditzen dena txarangak adierazia zuen: «Mixu gu izanen gera/ zure kantuen testigantza».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo