Haritza Oihanguren Amnistiaren aldeko mugimenduko kidea
EITB giza eskubideekin konprometitua? Hori ez da egia
Inork burua joan zaidala aurpegiratuko dit, baina diru publikoz finantzatua den eta giza eskubide ororekiko konpromiso irmoa duen komunikabide batek torturaren basakeriaren aurrean hartu beharreko gutxieneko neurriak dira nire uste apalean hemen aipatu ditudanak
Urtebete igaro da Igor Portu eta Mattin Sarasola guardia zibilek Arrasate inguruan atxilo hartu eta biak ala biak basakeriaz torturatu zituztenetik. Guardia zibilei eskua joan zitzaien, eta ageri-agerian gelditu zen nork zer egiten duen euskal herritarrak inkomunikatuta daudenean. Euskal Herritarrak inkomunikatuta daudenean torturatuak izaten dira espainiar Segurtasun Indarren eskutik.
Igor Porturen ospitaleratzeak eta haren zauriei buruz ondoren publikaturiko mediku txostenak erreakzio andanari eman zioten bide, komunikabide, alderdi politiko eta erakundeen artean inoiz ez bezalako interesa sortu zuelarik gertaerak. Kazetariak Donostiako ospitalearen aurrean, alderdi politikoen agerraldiak, ikerketa bat abiarazteko eskaerak, deklarazio instituzionalak. Ezinbestean, diktaduretan ohikoak diren bertsio ofizial garden batekin etorri zitzaigun Rubalcaba jauna, eta gehienak bertsio ofiziala zalantzan jartzera mugatu ziren. Mikel Zabalza ere Guardia Zibilari ihesean zebilela hil zen Bidasoa ibaian, bi eskuak atzean burdinez lotuak zituela. Badakizue.
Lesakarren kasuan Eusko Jaurlaritzako bozeramailea gehiegi «busti» zela iritzita edo, Ibarretxek argi utzi nahi izan zuen Jaurlaritzak ez zuela iradoki nahi izan Guardia Zibilak bi gazteak torturatu zituenik. Eta horrela, egunak aurrera joan ahala isildu ziren, normalean tortura kasuen aurrean hasieratik isilik egon ohi diren horiek guztiak. Gertaera isolatu bat izan zen Igor eta Mattinen kasua. Gertaera isolatua ez torturatuak izan zirelako, tortura ezkutatzea ezinezkoa izan zitzaielako baizik.
Lesakarrak atxilotu baino justu hilabete lehenago beste gazte bat atxilotu zuen Guardia Zibilak Berriz inguruan. Gorka Lupiañezek Guardia Zibilaren eskuetan jasandako infernua deskribatu zuen behin espetxean zela, besteak beste, makila batekin bortxatua izan zela eta 50 aldiz ia itotzeraino buruan poltsa jarri ziotela azalduz. Arras gogorra izan zen Gorkaren testigantza, baina egunkari batzuetatik eta komunikabide txikietatik kanpo normaltasuna nagusitu zen. Isiltasuna alegia. Gorkaren senideak komunikabideen aurrean agertu izanagatik, amnistiaren aldeko mugimenduak testigantza zehatza publiko egin arren, erakunde nagusiak, alderdi politiko legalak eta komunikabide handiak itsu, mutu eta gor gelditu ziren ankerkeria honen aurrean.
Beraz, ulertuta Euskal Telebista giza eskubide ororekin konprometitua dagoela, eta giza eskubideen logikan edozein tortura kasuri dagokion tartea eskainiko liokeela, ondorioztatu genezake Gorka Lupiañez ez zela torturatua izan. Gorka Lupiañez ez zen torturatua izan, bestela, giza eskubide ororekin konprometituta dagoen Euskal Telebistak tarte zabala eskainiko lioke izugarrikeria honi. Ulertzen da, ezta?
Iazko urteak 62 tortura salaketa utzi ditu. Igor Porturen ospitaleratzearekin hasi eta Harkaitz Landaberearen ospitaleratzearekin bukatu da «Obamaren urtea». Harkaitzen kasuan ez da kazetaririk egon ospitalaren atarian. Tartean izan dira Amets Ladislao, Iker Aristu, Iñaki Marin, Ailande Hernaez, Gorka Sueskun eta beste batzuk. Beste asko.
Tortura basatiak dira inkomunikazio aldian atxilo dauden euskal herritarrek pairatzen dituztenak. Mota guztietako bortxakeriez erasanak, informazio politikoa lortu, norberaren inkulpazioak sinarazi eta Euskal Herrian beldurra zabaltzeko helburuarekin. Torturak sistematikoak dira. Guardia Zibilak eta espainiar Poliziak sistematikoki erabiltzen dute tortura inkomunikazio aldian. Beraien ohiko lan tresna da tortura, orain dela 30 urte erabiltzen zutena, gaur erabiltzen dutena. Indar polizialek ez dute torturatzeko baimena, ez. Indar polizialek torturatzeko agindua dute. Tortura PSOEren erabaki politikoz erabiltzen da, horretarako, torturatzaileei beharrezkoak zaizkien bitartekoak eta beharrezkoa zaien inpunitatea eskaintzen dizkielarik. Komunikabide eta erakunde handiek inpunitate egoera honi mugak jarri baino inpunitate hau guztia hauspotu egiten dute.
Sistematikoki erabilia da tortura espainiar polizia erakundeen eskutik, eta sistematikoki isiltzen dituzte tortura salaketak Euskal Telebistako albistegietako aurkezleek. Jokabidea ondokoa da:
Edozein polizia operazio burutu eta ondoko orduetan atxiloketon gaineko informazioa emango dute albistegietan, Rubalcabaren bertsioari tarte luzea eskainiz. Atxilotuak inkomunikatuta daudela ez esatea da normalena.
Atxilotuak inkomunikatuta egonik ohikoa da beraien senideak, amnistiaren aldeko mugimendua lagun dutela, prentsaren aurrean agertzea, atxilotuek inkomunikazio aldian jasan dezaketen tratuaren gaineko kezka (kezka baino beldurra) agertuz. Prentsaurreko hau Euskal Telebistako albistegietan botako dute, edo ez. Botatzen badute 30 segundo baino gutxiago eskainiko diote, senide edo hizlarien ahotsik jarri gabe. Kazetariak gainetik azalduko du atxilotuen senideek kezka agertu dutela (kazetaritzako teknika bat da, gertakariei urruntasuna ematea bilatzen duena). Edo bestela ez dute albistea eskainiko, eta kito.
Inkomunikazio aldiaren azken egunetan ohikoa izaten da Rubalcabak beste agerraldi bat egitea. Bertan atxilotuei torturapean ateratako informazioen berri emango du, atxilotuek egin omen dutenaz eta egin asmo zutenaz jardungo delarik. Komunikabide ia guztiek (EITB barne) torturapean ateratako informazioak lau haizetara zabalduko dituzte, egiazkotzat emanez.
Atxilotuak epailearen aurrera eraman eta espetxeratuak (edo kaleratuak) direnean, honen gaineko informazioa ematera mugatuko dira, beraien aurkako akusazioak zein diren gaineratuz. Atxilotuak epailearen aurrean tortura basatiak salatu dituela ezkutatzera iritsiko dira askotan. Besteetan albistearen amaieran, «atxilotuak torturak salatu ditu» esatera mugatuko da aurkezlea.
Ondorengo egunetan torturak salatzeko emango den prentsaurrekoan, aurrez esandakoa errepikatuko da. 30 segundotan emango dute albistea, hotz, urrun. Edo bestela ez dira prentsaurrekora joan ere egingo, eta kito.
Torturaren errealitatearen aurrean hau da Euskal Telebistak duen giza eskubide ororekiko konpromisoa. Beraz, zaila zait ekuazio hau askatzea. Edo torturak ez du zerikusirik giza eskubideekin, edo Euskal Telebistaren konpromisoa ez da giza eskubideekikoa, edo ni oso motza naiz. Ea norbaitek argitzen didan.
EITBko arduradun politikoek benetako borondatea balute asko zailduko liekete torturaren erabilera Rubalcaba eta beste espainiar gerlariei. Argi dago.
Demagun tortura testigantza bakoitzak dagokion tartea duela komunikabide publiko honetan. Demagun torturatuak elkarrizketatzen dituztela, jasandako infernua azal dezaten. Demagun edozein atxilotu inkomunikatuta dagoen bitartean aurreko asteko atxilotuen tortura testigantzak behin eta berriz errepikatzen dituztela. Demagun torturaren gaineko erreportaje zabalak eskaintzen dituztela. Demagun beren nazioarteko katea baliatzen dutela espainiar Estatuan egiten diren torturak munduan zehar ezagutuak izan daitezen. Demagun 7.000 torturatuen memoria berreskuratzeko lanean buru-belarri sartzen dela. Demagun tortura kasu bakoitzaren aurrean EITBko tertulia ezberdinetan torturaren gaia mahai-gainean jartzen dela, iritzi-emaileak torturaz aritu daitezen. Demagun, beste egoera batzuetan egiten duen bezala, EITBk benetako alarma soziala pizteko apustua egiten duela torturarekin. Demagun EITBko arduradunek erabaki bat hartzen dutela, torturari aurre egiteko erabaki politikoa. Ez duzue uste espainiar Gobernuak bi aldiz pentsatuko lukeela atxilotzen dituen euskal herritarrak torturatu aurretik? Baietz egingo nuke.
Inork burua joan zaidala aurpegiratuko dit, baina diru publikoz finantzatua den eta giza eskubide ororekiko konpromiso irmoa duen komunikabide batek torturaren basakeriaren aurrean hartu beharreko gutxieneko neurriak dira, nire uste, apalean aurrez aipatu ditudanak.
NBEko begiraleek edo Amnesty Internationalek gero eta indar handiagoz ohartarazten dute espainiar Estatuan atxilotuen aurka egiten diren eskubide urraketen gainean. Alegia, kanpotik datozen begirale eta errelatoreek ikusten dutena ezkutatzen dute EITBko arduradun politikoek.
Komunikazioaren aroan bizi garen honetan argi dago komunikabideek zeregin garrantzitsua dutela giza eskubideez ari garenean. Baina EITBk egunotan saldu digun giza eskubideekiko konpromisoa kea baino ez da, konpromiso hau torturaren eremura eramanez gero. Baina inoiz ez da berandu, eta tortura ekiditeko bere esku ditu bozgorailu, kamera, kazetari, mikrofono, plato eta albistegiak.
Bitartean EITBk isiltzen duen tortura testigantza bakoitzak hurrengo tortura testigantzari bidea errazten jarraituko du.