Haurren gizentasuna, hedatuz doan gaitza egungo gizartean
A.B. |
Akitania eskualdean -bertan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako biztanleak sartzen dituztelarik-, haurren gizentasuna %15ekoa dela jakinarazi zuen atzo egindako agerraldi publikoan Bernard Contraire pediatrak. Gizentasunaren eta, bereziki, haurren gehiegizko pisuaren aitzinean prebentzioa eta informazioa zabaldu nahian, Baionako Gizarte Segurantzaren egoitzan kontsultak doan izateko aukera eman zuten atzo.
«Gizentasuna elikadura gehiegi dituzten herrialdeetako arazoa da. Jateko usaiak aldatu dira.
Egun osoan jaten aritzearen usaiak hartzeaz gain, kirol jarduera murritza izaten dute umeek. Pisu gehiegizkoaren arazoan publizitateak oso eragin txarrak ditu», nabarmendu zuen aipatu pediatrak.
Estatu frantsesean, izan ere, gizentasunaren aurkako eguna ospatuko da gaur. «Ekimen hau ospakizunaren egunean bertan antolatu nahi genuen, baina, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean ari garenez egokiago iruditu zaigu egun batez aurreratzea», argitu zuen. Helduen gizentasunari aurre egiteko, haurtzarotik lan egin behar dela azaldu zuen, alde horretatik, Contrairek: «Bizian hamar urte galtzen dira pisu gehiegi izanez gero».
Sei urtetik aurrera
Atzoko kontsulta animatzen zuen Bernard Contrairen esanetan, haurrek, urtebete izan arte, koipea metatzen dute beren gorputzean. Urtebetetik sei urtera bitartean, aldiz, mehetzen dira.
«Gure bizian sei urterekin gara meheenak. Normala da sei urte arte gorputza mehetzea. Baina, epe horretatik goiti pisuak, berriz ere, gora egiten badu alarma piztu behar da. Ez du esan nahi haurra heldu izaterakoan nahitaez gizena izango denik. Baina, kontrolak handiagoa izan behar du», esan zuen ildo honetan.
Horretara heldu aitzin, dena den, ongi jaten erakustea ezinbestekoa da pediatraren iritziz.
«Bizi erritmoak finkatzearekin janariaren plazera erakutsi behar zaio haurrari. Bazkariak, ahal den neurrian, familian egin behar dira». Horrez gain, ogia ezinbesteko elikagaia dela esan zuen.