GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hondakinen legea aurrera eramateko sinadura bilketa abiatuko dute gaur

p016_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Errausketaren aurkako Plataformen Koordinadorak sinadurak biltzeko mahai bat jarriko du gaur arratsaldean Donostiako bulebarrean. Datorren apirilaren 30a baino lehen 30.000 bildu behar dituzte, Gasteizko Parlamentuak hondakinen legea eztabaida dezan. Koordinadorako kideek helburu hori lortzeko itxaropena agertu zuten.

Guztien izenean mintzatu ziren Maria Luisa Sanchezek eta Kepa Olaizek aditzera eman zutenez, lege proposamenak errausketa erabat baztertzen du, «ingurumenean ondorio kaltegarririk sortzen ez denik» bermatua ez dagoelako. Halaber, gaikako bilketa intentsiboaren aldeko apustua egiten du, helburutzat hartuta «zaborreko osagai birziklagarri guztiak berreskuratzea»; eta gainera, hori dela udalerri guztiek bultzatu behar duten bilketa sistema dela dio testuak. Bide horretan atez ateko bilketaren alde agertzen da legea, «horrela, kopuru handiagoa eta kalitate handiagokoa bildu ahal izateko». Gogora ekarri zuten, gainera, laster Usurbilen jarriko dela egitasmo hau abian, «baina ezin da herri baten kontua izan, orokortu eta zabaldu egin behar da sistema hau, beste leku batzuetan egin duten moduan».

Donostian ez ezik, Arabako eta Bizkaiko hiriburuetan eta hiru herrialdeetako hainbat herritan ere mahaiak jarriko dituztela iragarri zuten, «horretarako ari gara hainbat elkarte ekologistarekin eta bizilagun elkarterekin hitz egiten». Gainera, sindikatuekin ere harremanetan daude eta lantegietan ere bilduko dituzte sinadurak.

Legedi honekin orain artean izan den hutsunea betetzea helburu dutela adierazi zuten eta instituzioei ekintza sinbolikoak utzi eta gaiari behingoz gogor eusteko eskatu zien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo