GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Desafioa

Txikonek apusturako deia egin dio Zubizarretari

Kirolari bizkaitarra 16 kana-erdikotik 20ra bitarte jokatzeko prest legoke, eta dirutan, berriz, 3.000 euro. Norgehiagoka martxoaren hasieran izango litzateke.

p038_f01_50629.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urtea hastearekin batera apustu hotsak hasi dira entzuten, eta lehenengoa bihar bertan gauzatu daiteke Azpeitian. Izan ere, Alex Txikonek aizkora apustua egin nahi du, eta horretarako desafioa bota dio Joxe Felix Zubizarreta azpeitiarrari.

Txikonek egin du aupada, eta 16 kana-erdikotik 20ra bitarte jokatzeko prest legoke. Berak martxoaren hasiera aldera izatea nahiko luke. Bihar Azpeitian egongo da, Landeta auzoan dagoen Mendizabal jatetxean, 12.00etatik aurrera. Dirutan, berriz, 3.000 euro inguru jokatuko lituzke bizkaitarrak.

Txikonen kasua berezia da, izan ere, aizkolaria izateaz gain, mendizalea ere bada, eta martxoaren 20 inguruan Himalaya aldera joatekoa da, Kangchenjunga mendira, Edurne Pasabanekin batera, eta horren aurretik jokatu beharko du apustua. Txikonek jadanik sei zortzimilako egin ditu, eta zazpigarrena egin aurretik apustu batean probatu nahiko luke.

Zubizarreta ere ez da ezaguna, ez baitaramatza urte asko aizkora munduan. Arraunetik dator, eta azkenaldian bai Euskal Herriko Hirugarren Mailako bai Gipuzkoako Bigarren Mailako finaletan lehiatzeko aukera izan du. Txikonek berak aitortu zion atzo GARAri, desafio honen nondik norakoa. «Egia esan, nik ez dut Zubizarretaren aurka askotan jokatu. Bera, ordea beste bizkaitar baten aurka lehiatu nahian zebilen, baina hark ez zuela-eta apusturik nahi, niri esan zidan, eta ni prest nago», esan zuen Lemoakoak.

Kirolari petoa da bizkaitarra, mendia eta aizkora uztartzen dituena. Esku artean darabilten apustua gauzatuko balitz, bi erronka handi izango lituzke martxorako, aizkorako lehia handi hori, eta zortzimilako gailurra. Biak batera prestatu daitezkeela onartu zuen berak: «Aizkorako apustua baliagarria da nire mendiko prestakuntzarako, eta biak batera eramateko arazorik ez dago», esan zuen.

Norgehiagoka hau non jokatuko den, eta falta diren gainerako zehaztasunak, bihar bertan erabakiko dituzte, baina Zubizarreta azpeitiarra izanik, eta inguru horretan kirol honek duen indarra kontuan hartuta, baita Azpeitiko plazak duen izena ere, pentsatzekoa da Azpeitian izan daitekeela.

Biak aizkora munduan nahiko berriak dira, Txikonek ez baitaramatza hiru urte baino gehiago, eta Zubizarretak ere ez daramatza askoz gehiago. Julen Mendieta eta Agite dituzte entrenatzaileak, eta bientzat izango litzateke lehen apustua, betiere, bihar eguerdian akordioren bat lotzen badute. Ikusmina ere dezentea piztuko litzateke, izan ere, gauza berriak eta aizkolari berriak ikusteko irrikaz baitago jendea.

Idi-probak

Uzkudun eta Garmendia izan dira amaitu berri diren Debako idi-proba ospetsuetako protagonista nagusiak. Errezildarrak lehen eta hirugarren postua eskuratu ditu, eta Belauntzakoak, berriz, bigarrena eta laugarrena.

Irabazlea Letea jatetxearen izenean aritu zen eta 48 plaza egin zituen. Bigarren Garmendiarena sailkatu zen 47 plaza, 1 zinta eta 0,80 metro egin zituen. Hirugarren, Letearen izenean aritu zena sailkatu zen, 46 plaza, 2 zinta eta 5,37 metro eginda. Mirandaren izenean aritu zena sailkatu zen laugarren 46 plaza eta 2,67 metro eginda, eta bosgarren Arientzarena sailkatu zen 45 plaza eta 1,27 metrorekin. Debako probak oso ospetsuak dira, eta aurtengoan ere jendeak erruz erantzun du, ikusle andana bildu izan baitu saio bakoitzeko.

Mendizalea

Lemoako kirolaria aizkoran baino ezagunagoa da mendian, izan ere, eginak baititu sei zortzimilako. Martxoaren 20aren inguruan, Himalayara doa, Kangchenjunga mendira, eta horregatik nahi du apustua hil horren hasieran gauzatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo