Top 14
Gorako bideari heldu behar diote Biarritzek eta Avironek
Getxo Arteak eta Pegamo Bera Berak jokatuko dute Ohorezko Mailako euskal derbia. Ampo Ordiziak, berriz, Madril hartuko du, hau da, sailkapeneko burua.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Jardunaldi erakargarri bezain garrantzitsuak jokatuko dira bai Top 14 Ligan eta bai Superligan ere, denek baitute zerbait jokoan, eta hemendik aurrera hasiko dira partida garrantzitsuak.
Top 14an, Avironek laugarren postua berreskuratu nahi du, baina horretarako, irabazi egin beharko du Montaubanen zelaian. Gaur izango dute neurketa hori, 14.30etik aurrera. Zuri-urdinak denboraldi bikaina ari dira egiten, baina urte hasiera ez dute ona izan, pasa den larunbatean partida eskasa eskaini baitzuten.
Biarritzentzat pasa den urte osoa izan da kaskarra, helburuetatik oso aparte ibili baitira, eta aurtengo urtea ere ez dute askoz hobeto hasi. Bide hori zuzentzen hasteko aukera izango dute gaur, Castresen zelaian, hauek ere 14.30etik aurrera.
Zuri-gorriak gaizki ari dira, eta gaurko partida galtzen badute, mailari eustea izan beharko du hartu beharreko erronka, eta ez Heineken Kopan sartzea, horretarako jokoa asko hobetu beharko lukete.
Superligan, bigarren itzulia hasiko da, eta euskal derbia jokatuko da Faduran bihar, 12.30etik aurrera, Getxoren eta Bera Beraren artean. Bietatik puntuak batzeko premiarik handiena gipuzkoarrek dute.
Ampo Ordiziak ordu erdi bat lehenago hasiko du bere norgehiagoka, eta sailkapeneko buruaren aurka jokatuko du Trevijanon. Gipuzkoarrek orain arteko partida guztietan atera dute punturen bat, eta biharko partidan ere, gutxienez, bat atera nahi dute, lehen postuetan jarraitu ahal izateko.