GARA > Idatzia > > Kultura

Herri antzerkia zentzugabekeriak salatzeko bide bakarra denean

Epaiketak eta makroprozesuak eguneroko ogia bihurtu diren garai hauetan, Hernaniko Azeri taldeak antzerkia hautatu du egoera honen kritika egiteko. Javier Zubimendik idatzitako «TxanoBarraGorro» antzezlanean 50 lagunek parte hartuko dute. Ander Lipus eta Bea Larrañaga izango dira protagonistak, 50 lagunek elkarlanean sortu duten obra honetan. Emanaldiak urtarrilaren 20, 21, 22 eta 23an izango dira, Hernaniko Biteri kultur etxean.

p040_f01_203x116.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Guztiak balio duen» garai honetan, Hernaniko Azeri taldeak antzerkia aukeratu du sentitzen dutena adierazteko zubi bezala. Satira moduan definitutako «TxanoBarraGorro» antzezlanak «terrorismo kontzeptuarekin egiten den abusuaren kritika» izan nahi du, Ibon Arregi Azeri taldeko kidearen esanetan. Duela hiru urte «Kastillako Dorreak» beren lehen antzezlana burutu zuten, eta aurten ere, 50 bat herritar bildu dira obra hau aurrera ateratzeko. Guztiak hernaniarrak dira bi aktore nagusiak izan ezik: Ander Lipus eta Bea Larrañaga.

Javier Zubimendik idatzitako antzezlana epaiketa baten inguruan kokatzen da. Gualdilandia Estatuan dago kokatua, «herrialde imaginario zein egunerokoa». Orotariko Auzitegian lau zuruteko ari dira epaitzen. Koloretsuegiak izatea da leporatzen dieten delitua. Batek txano berde bat darama, beste batek, laranja, hirugarren batek urdina eta azken neskato batek, beltza. Liburukote Nagusiaren arabera ezin da inor beltzez jantzi eta horregatik auzipetu dituzte. Koloretako txanoak daramatzaten zurutekoek, ordea, euren txanoak ez direla beltzak esanez saiatu dira beren buruak defenditzen. Epaileak ez die jaramonik egiten. Gualdilandian gualda ez beste kolore guztiak beltzak dira, haren esanetan.

«Basakeria» salatzeko bidea

Herritik sortutako lana izanik, erlazio estua dago aktore eta publikoaren artean. Ander Lipus aktore protagonistak esan zuenez, «herri antzerkian, profesionala ez den horretan, gauzak biziago ematen dira eta gizartearekin lotura duten gaiak hobeto jorra daitezke. Antzerkiak zentzu gehiago hartzen du herri ekimenetik sortua denean. Iparraldeko tobera batekin alderatuko nuke antzezlan hau». Musikaz arduratu den Joxan Goikoetxeak erantsi zuenez «irrazionaltasunaren eta basakeriaren aurrean hitzak balioa galtzen duenean, herriari ez zaio satirara edo antzerkira jo beste biderik gelditzen». Horixe da, adibidez, antzezlanean parte hartuko duen Rosa Lujanbioren kasua. «24 urte pasa dira nire anaia preso hartu zutenetik eta antzezlan honetan garbi ikusten da kartzelako bizimodua zein den», azaldu zuen.

Ander Lipus epaile paperean ikusi ahal izango dugu. Agertokiaren erdian kokatuta, hiru epaile antzeztuko ditu, horretarako maskara ezberdinez baliatuz. «Bata guztiz fanatikoa da, bigarrena adinean aurrera doan aguretxo bihozbera eta hirugarrena... normalagoa dela esango genuke». Bere inguruan, taula gainean, lau lagun izango ditu, lau zuruteko auzipetuak. Harien bidez, bizia hartuko duten lau panpina izango dira, hain zuzen. Ingeniaritzako lan ikusgarria hau Pedro Mari Ormazabalen esku egon da eta lan horren ondorioa ere taula gainean ikusi ahal izango da. Baina emanaldia ez da antzerki hutsean geldituko. Panpinez gain, beste hainbat arte diziplinek aberastuko dute «TxanoBarraGorro». Txaro Untzillak dantza egingo du, Joxan Goikoetxeak garai ezberdinetako kantuak erabiliz musikaz girotuko du antzezlana, bertsoak ere izango dira eta garrantzi berezia izango dute ikus-entzunezko lanek. Izan ere, agertokiaren atzealdean, herritarrekin grabatutako bideoak proiektatuko dira, aktoreekin eta publikoarekin komunikatzeko bidea irekiz.

Antzezlana euskaraz eta gaztelaniaz izango da, «Gualdilandian epaileek ez baitakite euskaraz». Oraingoz lau funtzio programatu dituzte: urtarrilaren 20, 21, 22 eta 23an izango dira Biteri kultur etxean. Baina aurrerago kanpora irteteko asmoa eta itxaropena ere azaldu zuten. Sarrerak astelehenetik aurrera egongo dira salgai lau eurotan, Hernaniko Onddi eta Aralar tabernetan eta Aurki eta Haizea dendetan.

HERRIAREN ISPILUA

Irrazionaltasunaren eta basakeriaren aurrean hitzak balioa galtzen duenean, herriari ez zaio satirara edo antzerkira jo beste biderik gelditzen. Herriak, ispilu bezala ikus dezake antzezlanean egunerokotasunean gertatzen ari dena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo